GARA
BAIONA

Luhusoko armagabetzearen gaineko epaiketa apirilaren 2 eta 3an eginen dute Parisen

Txetx Etxeberrik harrera beroa jaso zuen aske gelditu ostean.
Txetx Etxeberrik harrera beroa jaso zuen aske gelditu ostean. (Bob EDME)

ETAren armagabetzeari bi Estatuek ezarritako blokeo egoera gainditzeko mugarritzat jotzen da Luhusoko ekimena, eta horretan parte hartu zuten bi euskal herritar, Beatrice Molle eta Jean-Noel Txetx Etxeberri, apirilaren 2 eta 3an epaituko ditu Parisko Auzitegi Korrekzionalak, atzo Bake Bidea elkarteak baieztatu zuenez. Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak epaiketa joan den azaroaren 14 eta 15ean egitea proposatu bazuen ere, epaile instruktoreak heldu den udaberrian finkatu du.

Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Luhusoko ekimenagatik auzipeturiko hiru lagunei dagozkien eskaerak jakinarazi zituen Parisko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak otsailean. Etxeberri eta Beatrice Molle-Haran Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaitzeko eskatu zuen fiskalak.

Aitzitik, afera horretan ordura arte hirugarren auzipetua zena, Stephane Etxe Etxegarai, errugabetzeko galdegin zuen Fiskaltzak. Auzitik kanpo geratuko da, beraz, armak deuseztatzeko ekimena kameraz grabatu zuen herritarra.

Etxeberri eta Beatrice Molle-Haranen aurka egindako eskaerak «onartezinak» direla salatu zuten Bake Bideak eta Bakegileek, Fiskaltzaren erabakiari buruz plazaratu zuten oharrean.

2016ko abenduaren 16an ETAren armagabetzea laguntzeko eginiko ekimenaren karietara auzibidean diren pertsona guztiak errugabetzat jotzeko eskatu zuten aipaturiko eragileek. Auziari begira garatuko duten salaketa-kanpaina aurkeztuko dute aurki.