Jon ORMAZABAL
PILOTA

Kantxan bezala sailkapenean, agintzen jarraitzen dute Elordik eta Rezustak

Artola ausart batek eta defentsan sendo aritu zen Imazek aurreko bi jardunaldietan baino gehiago estutu bazituzten ere, mallabitarrak eta bergararrak oso bikote irmoa direla konfirmatu zuten, aurpegi berria eta dotorea erakutsi zuen Atano III.ean.

Aitor Elordik kolpea jaso zuen matrailean, baina ez zuen jokatzen jarraitzeko arazorik izan eta garaipena lortu zuen.
Aitor Elordik kolpea jaso zuen matrailean, baina ez zuen jokatzen jarraitzeko arazorik izan eta garaipena lortu zuen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iñaki Artola oso ausart batek eta defentsan bikain moldatu zen Ander Imazek lehen bi jardunaldietan baino gehiago estutu bazituzten ere, Aitor Elordi eta Beñat Rezusta txapelketako lider sendoak dira, kantxan erakutsitako agintea sailkapenean ere erakutsita. Aurpegia berrituta agertu zen Atano III.ean txapelketako hirugarren puntua lortu zuten Aspekoek. Orain arte elkarrekin askorik jokatu gabeak ziren arren, mallabitarrak eta bergararrak oso ondo hartu dute elkar txapelketa honetan eta lider sendoak dira, orain arte jokatutako minutuen gehiengoan erasoan aritzeko gai izanda.

Hamar egunean txapelketako hirugarren partida zuten arren, berriz ere freskotasuna izan zen Elordi eta Rezustaren bereizgarria eraberritutako Atano III.ean, bai behintzat lehen erdi luzean -azkenerako Elordi apur bat beteta ikusi genuen-, hasierako bi tantoetan kenduta partidaren zatirik handienean kantxan aginduz. Margotu berri dagoen frontisean pilotak ez du irteerarik galdu eta atzelari ezkerrak, baina baita Elordik ere urrun mantendu zuten Ander Imaz, eta horrek errematera sartzeko aukerak eman zizkion eraginkor aritu zen mallabitarrari.

Iñaki Artolak eta Ander Imazek, 72 ordu lehenago jokatzetik zetozenek, defentsan lan ona egin bazuten ere -oiartzuarrak «mucho sindromea» pasatu zuen pilota oso zailak eraman bai, baina gehienetan defentsan arituta-, Aspeko bikoteak ia hasieratik hartu zuten markagailuko agintea eta azkar samar bost tantoko aldea (10-5). Azkenaldian bezala, oldarkor aritu zen Iñaki Artola aurreko koadroetan, aukera zuen bakoitzean gorriei erritmoa aldatu nahian, baina tarteka ale ederrak utzi zituen arren, txaparekin zorte handirik gabe, huts batzuk ere pilatuz, faboritoei lanak erraztuz.

Baina partida bere erdialdera gerturatu zenean susto handi samarra jaso zuen Aitor Elordik, bere atzelariak 10-6 zirela jotako horma-biko batek, nahiko gertutik gainera, bete-betean matrailean eman baitzion. Zorionez, ez zion hezurrean eman eta mallabitarrak jokatzen jarraitu ahal izan zuen. Hortxe gerturatu ziren bi tantora Baikokoak (10-8), baina pilotakada askorik jo beharrik gabe berriz ere ihes egin zuten mallabitarrak eta bergararrak, bigarren atsedenaldi luzerako zazpi tantoko alde handiena lortuz (18-11).

BETI LEHIAKOR

Atsedenerako apenas denborarik gabe -egutegia benetan da aldrebesa lehen aste hauetan- eta partida oso maldan gora zuten arren, etsirik ez zuen, inola ere, hartu bikote gipuzkoarrak -euren ezaugarria lehiakortasuna izatea nahi dute- eta, pilota zekenago batekin, Rezusta deseroso sentiarazi zuten tarteka; bergararrak zailtasunak izan zituen Artolari aukerako pilotarik ez uzten eta txintxarria oso eraginkor aritu zen aurreko koadroetan, berriz ere desabantaila bi tantora ekarriz.

Hala ere, 38 pilotakadako tanto luze baten ostean, Rezustak ondo baztertutako pilota ez zuen grisean jartzerik izan Ander Imazek, eta hortxe amaitu ziren Baikokoen erreakziorako aukerak, nahiz eta Iñaki Artola saiatu zen, gorputz eta arima, aurkarien erritmoa hausten. Oraingoz inork ez du halakorik lortu eta Aspekoak lider sendoak dira, jokoz eta emaitzaz.