Maddi TXINTXURRETA
PALESTINAREKIKO ELKARTASUN EKITALDIA GERNIKAN

Memoria duen herritik, oihua: ez dugu onartuko

Zorigaiztoko antzekotasunek, bonbardaketek eragindako pairamenek, elkartzen dituzte Gernika eta Palestina. Atzo elkartasuna ere partekatu zuten milaka herritarrek Bizkaiko udalerritik, mosaiko erraldoi batekin. Mezu bat ozendu zuten, sarraskia ez dutela onartzen esanez; Gernikan haritzak bezala, Palestinan olibondoak zutik iraun dezan.

Hiru mila pertsonak osatu zuten Palestinako bandera erraldoia, eta ehunka kanpoan gelditu ziren; gainezka egin zuen plazak. Ekitaldia hunkigarria izan zen: poesia, bertsoak eta musika nahastu ziren aldarrikapen politikoekin. Amaieran, Mohamed Farajallah p
Hiru mila pertsonak osatu zuten Palestinako bandera erraldoia, eta ehunka kanpoan gelditu ziren; gainezka egin zuen plazak. Ekitaldia hunkigarria izan zen: poesia, bertsoak eta musika nahastu ziren aldarrikapen politikoekin. Amaieran, Mohamed Farajallah p (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ez zen erronka makala, baina atzo eguerdian Gernikara batu zen jende-saldo itzelak aise gainditu zituen espektatibak. Gernika-Palestina ekimen herritarrak deituta, milaka pertsonak mosaiko erraldoia osatu zuten lehen Azoka Plaza zen horretan, 1937ko apirilaren 26an nazi eta faxisten bonbek setiatu zuten lekuan, egun Israel Gazaren kontra egiten ari den modu berean. Garrasi bateratua ozendu zuten sarraski sionistaren kontra: ez dugu onartuko.

Dena prest zegoen 12.00ak iristerako. Pasealeku plazan, txukun, plastiko poltsetan sartutako pontxo beltz, zuri eta berdeak lur bustian paratuta. Mezu bi eskaileretan: «Sos Gaza» eta «Palestinarekin elkartasuna. Konponbide politikoa orain!». Olana handi bat kiribilduta, sekretua artean ere gordetzen. Antolatzaileak herritarrei erreguka, txandaka eta taldean lekua har zezatela eskatzen. Hiru mila pertsona behar ziren, eta ehunka gelditu ziren kanpoan, bandera palestinarrak erakusten. Gainezka egin zuen plazak.

Jantzi zituzten pontxoak, herritar talde batek tira egin zion olanari, eta haizatu, gordeta zuen “Guernica” koadroko alde ilun bat, seme hila besoetan duen emakumearena, munduari erakutsiz. Pontxoen kapak ere altxatu zituzten eta Palestinako bandera erraldoi bat erakutsi zuen Gernikak. Bost minutuz eutsi zioten denek eskuak gora, bozgoragailuetatik aditzen zen Mikel Laboaren musikak suminduta. Eta bonbardaketez ohartarazten duen sirenak sorgortu zituen guztiak. Pilar Ormaetxeberriak eta Mahmoud Elhousaryk aktibatu zuten soinu beldurgarria. Gernikako bonbardaketaren testigu izan zen lehena, 95 urte ditu orain, eta Gazako herritarra da Elhousary.

HARITZA BEZALA, OLIBONDOA ZUTIK

Ikrame Benzyane eta Saba Alhussain palestinarren poemekin hasi zuten mosaikoa osatu osteko ekitaldia. Bonbardaketen erdian eutsi ezin zaion pazientziaren berri eman zuten idatziek, hildakoen zenbaketaren inguruan hausnartu, nola egin duten ehunkatik milakoetara salto. Eta igo ziren Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, kantatzera oihukatu behar dena: «Hitzak agortzen baldin badira/ egin dezagun garrasi».

«Palestina askatu» eta «Boikot Israel» ozen oihukatu zuten herritarrek Gernikako Pasabidean jarritako eszenatokira jendea igo eta jaitsi zen aldiro. Eñaut Elorrietak eta Ihsan O.S eta Ikrame Benzyane abeslari palestinarrek «Gernikan, Gazan» berria abestu zuten, hemen zein han hil direnen izen-abizenak ahanzturari lapurtuz.

Mohammed Kmail eta Fatima Aspiritou palestinarrek, Jon Maia bertsolariak eta Itziar Ituño aktoreak zabaldu zuten Gernika-Palestina erakundearen mezua mundura, euskaraz, gazteleraz, arabieraz eta ingelesez. «Gernikatik, historiako lehen bonbardaketa zibil indiskriminatua jasan duen herriaren, gizadiaren, zoritxarreko zilegitasunetik. Gernikatik, gure hildakoen zaurien eta suntsipenaren memoria historikoaren talaiatik. Gernikatik Palestinari. Gernikatik munduari esan nahi diogu hemen pairatutako bonbardaketa hartatik gaur egunera arte gizartearen historian bizitako guztiak bizi eta gero, munduak eta historiak ezin dutela herri baten suntsiketa bakar bat gehiago onartu. Munduak eta historiak ezin dutela Palestinan gertatzen ari dena onartu. Munduak eta historiak ezin dutela Gernika berri bat onartu», adierazi du Ituñok.

«Palestinako herritarrak, entzungo al duzue Gernikatik gure ahotsa? -gaineratu zuen, eztarrian korapiloa zuela- Zuen hildakoak gure hildakoak dira. Zuen etxe birrinduak, gure etxeak dira. Zuen lur okupatua gure lurra da. Zuen haurrak gureak ere badira».

Bertsolaria ere palestinarrei zuzendu zitzaien, esperantza izpi bat zabaltzeko asmotan. Zeren, Gernikan, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketak utzitako «triskantza eta sarraskiaren» ondoren, «herri honetan arbola batek zutik iraun zuen», nabarmendu zuen: «Eta ehunka hildako haiek zeutzan lur berean jolasten dira orain gure haurrak, bonbardaketen biktima haiek mintzo ziren hizkuntza berean. Eta hala desio dugu gerta dadin Palestinako lur okupatuan ere: Gernikan haritza bezala, Palestinan olibondoa zutik, herrien eskubideen, askatasunen eta bakearen ikur».

BEDEREN, ETEN BAT

Mohamed Farajallah igo zen ostean oholtzara eta bere senide eta lagunei eskatu zien talaiara igotzeko. Izan ere, bere bizipenak kontatu zituen, baina gainontzeko palestinarrenak ere badirela ohartarazi zuen. Azaldu zuen Gazan irauten duenaren egoteari ezin zaiola bizitza deitu. Gogoratu zuen, halaber, genozidio israeldarraren historia ez zela urriaren 7an hasi. «Zenbat urriaren 7 bizi izan ditugu? Ehunka!», agertu zuen.

Haur zeneko oroitzapenak kontatu zituen. Hamar urterekin, lehengusuekin aitona-amonen etxerako bidean zela, etxeratze-agindua ezarri zuten kolono israeldarrek. «Etxeratze-agindua han ez da konfinamenduan bezala; kalean bazaude, tiro egiten dizute», zehaztu zuen. Harrapatu zituzten okupatzaileek, eta «nola disfrutatzen duten», salatu zuen. «Esan ziguten alde egin genezakeela, eta buelta eman genuenean, bonba bat jaurti ziguten. Eztanda egin zuenean, konturatu ginen soinu-bonba bat zela», oroitu zuen. Barre egin zutela kontatu du, zeren, momendu horretan, bizitzara bueltatu ziren.

Eskatzekotan, eskatuko luke, bederen, eten bat. «Munduari eten bat eskatzen diot. Jendeak jan dezan, jendea bizi dadin, izan dezagun aukera gure hildakoengatik negar egiteko», esan zuen.

Sarraskia amai dadin lagundu nahi duten herritarrei bi jarduteko modu eskatu zizkien Farajallahk: Palestinaz hitz egin dezatela eta egin diezaiotela boikota Israeli, ez soilik egungo oldarraldia amaitu arte, Palestina, «ibaitik itsasora», libre izan arte baizik.