Ane URKIRI ANSOLA
BILBO
SHERPA.AI AIZKOLARI TXAPELKETA

Nerea Arrutik eta Mikel Larrañagak aizkora erakustaldia eman dute

Aizkoran espezialista handia dela konfirmatu zuen urnietarrak, bigarrenez txapelketa irabazita, Euskal Herrikoan gailendu eta bi hilabetera. Azpeitiarrak, bestalde, lau saiakeraren ostean, hainbeste desiratutako txapela jantzi zuen atzokoan.

Sherpa.ai aizkolari txapelketako podiuma; erdian, Mikel Larrañaga eta Nerea Arruti txapeldunak.
Sherpa.ai aizkolari txapelketako podiuma; erdian, Mikel Larrañaga eta Nerea Arruti txapeldunak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Iazko marka ia hiru minutuan hobetuta Nerea Arrutik eta txapelketako bigarren marka onena eginda Mikel Larrañagak, erakustaldia eman zuten atzo, Bizkaia pilotalekuan, Sherpa.ai Aizkolari txapelketa nagusia irabazteko.

Estreinako aldiz eskuratu du txapela Mikel Larrañagak, lehen bi urteetan bigarren geratu eta iaz hirugarren egin ostean. Irabazi berritan onartu zuen bazeukala arantzatxo moduko bat, «azken urteetan hor borrokan» egon ostean, eta atzo «den-dena ez, baina zerbait ateratzea» lortu zuela. Ez edonola, gainera, aipatu legez, nagusi izan baitzen, lehendabiziko enborretan Julen Alberdi “Txikia IV.a”-rekin lehia estua izan ostean.

Azpeitiarra eta azkoitiarra estu aritu ziren probaren lehen erdian. Gainera, lehen enborra mozten azkarrena izan zen Alberdi, iazko txapelduna, baina bigarrena bukatzerako, aurretik jarri zen Larrañaga, bost segundoko alde eskasarekin. Hirugarrenean, Txikia IV.ak enbor zail batekin topo egin zuen eta maldan behera joan zen.

Alberdik, erritmoa mantenduta, minutu pasako aldearekin bukatu zituen lehen lanak. Hortik aurrera gauza gutxi aldatu ziren eta, azkenerako, minutu eta 55 segundoko aldearekin gailendu zen Alberdi.

Bost kana-erdiko, lau oinbiko eta beste bost kana-erdiko; horiek ziren sei aizkolariek bete behar zituzten lanak -alegia, 29,8 zentimetroko 10 enbor eta 53,01 zentimetroko lau- eta Alberdik, guztia, 39 minutu eta 25 segundoan osatu zituen betebeharrak. Txapelketako bigarren marka onena erregistratu zuen azpeitiarrak, Iker Vicentek 2020an egin zuenetik gertu (38:48).

Gizonezkoetan laugarren edizioa lehiatu zen atzo. Lehen bi txapelketak Iker Vicentek irabazi zituen, iaz Julen Alberdi “Txikia IV.a”-k eta aurten, Mikel Larrañagak.

Atzo, Alberdi eta Larrañagaren atzetik, podiuma Eneko Otañok osatu zuen (42:57 minutu). Laugarren egin zuen Ugaitz Muguerzak (47:28), bosgarren Ibai Soroak (49:25) eta seigarren, Julen Larrea “Larrea III.a” debutariak (49:53).

ARRUTIREN ANBIZIOA

Emakumezkoetan, aldiz, Nerea Arrutik pronostikoak bete eta bere nagusitasuna konfirmatu zuen, iazko denbora erabat hobetuta. Iaz lan berberak 12 minutu eta 16 segundoan osatu zituen eta aurten 9 minutu eta 20 segundo eskas behar izan ditu. Sasoiko dago urnietarra, bai eta txapel gosez ere.

Urrian, Elgoibarren jokaturiko Euskal Herriko aizkolari txapelketan ere gipuzkoarra gailendu zen eta egun herri kirolaririk osoena dela ere baieztatu genezake. Binakako pentatloian azken bi edizioetako irabazlea da -Amalur Arbelaitz lagun-, bai eta azken banakakokoa ere.

Atzo, ez zuen aurkaririk izan, aizkoran espezialista handia dela frogatuz. Lehen enborra minutu eta erdian moztu zuen eta Karmele Gisasolak, Bizkaiko txapeldunak, 52 segundo gehiago behar izan zuen. Urnietarrak, bi adartxorekin ere borrokatu behar izan zuen, baina bere abantaila hain zen nabarmena, ez zuela arriskuan ikusi garaipena inongo momentutan.

«Disfrutatzen» ari dela esan zuen, atzo, Arrutik, irabazi berritan: «Gozatzera etorri naiz, entrenamendu bat bailitzan, hurrengo asteetako txapelketetara begira -Donostiako Urrezko Kopa irabaztea da bere hurrengo erronka-. Gustura sentitu naiz».

Batez bestekoa aterata, 45 ontzako enbor bakoitza mozteko 2 minutu eta erdi behar izan zituen gipuzkoarrak. Arrutiren potentziak gainontzekoen hobekuntza ere badakar eta Karmele Gisasolak, bestalde, lehen edizioko txapeldunak, orduko marka ere hobetu zuen atzokoan, nahiz eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. 11 minutu eta 25 segundo eman zituen lau enborrak mozten.

Denbora gehixeago behar izan zuen Malen Barrenetxea debutariak. 15 urte besterik ez dituela, ausardia erakutsi zuen hain plaza entzutetsuan aritzeko, Euskal Herrikoan lehiatu ostean. 18 minutu eta 11 segundoan osatu zituen lanak hernaniarrak.