Zer eskatu lan bati?
Gutxik ematen dute bizitza osoa lan berean. Gure gurasoen garaian usu gertatzen zena gaur egun erabat ezohikoa da. Antza denez, belaunaldi millennialeko gazteek ez dute bost urte baino gehiago emango lanpostu berean, eta epea askoz gehiago murriztuko da Z eta Alfa belaunaldikoen artean.
Neu ere, gaur egungo lan-merkatuan ohikoa ez den 25 urteko ziklo luze baten ondoren, lan-aldaketa prozesu batean murgilduta nabil. Erabakia hartzea ez da samurra izan. Ondo hausnartutakoa izan da, proiektuarekin dudan erabateko loturak eta lerrokatzeak zaildu dutena. Oro ez da urre baina, oro har, lan atsegina izan da, erronkaz betea, esperimentatzeko eta proiektu ugari abiatzeko aukera eskaini didana, lantalde eta lan-giro on batean, lankidetzak esploratzeko aukerarekin, lan-baldintza egokiekin, euskaratik eta euskaraz… Alde on ugari izan ditu baina, ibiliaren ibiliaz, nekea ere eragin dit. Horregatik, kasu honetan, aldaketaren eta deskonexioaren beharra gailendu zaie gainerako alderdiei.
Lana utziko dut eta, hala ere, aurretik ez dut beste lan bat lotuta, ez dut B planik. Horrek, noski, ezinegona sortzen dit, ziurgabetasuna kudeatu beharra dago eta ez da erraza izaten balizko hurrengo urratsak aurreikusteko ohitura dugunontzat. Beste bat ziurtatuta izan gabe lan bat uztea urrats garrantzitsua da, ausardia, pazientzia eta plangintza arduratsua eskatzen dituena. Komeni da sor daitezkeen erronketarako prest egotea eta lan-aukera berri bat bilatzeko pentsamolde proaktiboa izatea.
Hausnartzen ari naiz hurrengo lan-aukerari zer eskatuko diodan… Zein sektoretan aritu nahi dut? Zeinetan ez? Zein lan mota nahiko nuke? Eskaintza onartzeko, proiektua erakargarria izan behar da, garatzeko aukera eskaini beharko dit, erakundearen kulturarekin bat egin beharko dut eta lan-baldintzak egokiak izan beharko dira… Soldata erakargarria izan beharko da eta, kontziliatzeko aukerak, telelanean aritzeko aukerak eta giro atsegina izateko bermeak ere eragina izango dute erabakian.
Ekuazio honetan badago beste aldagai bat nire hausnarketa eta erabaki prozesuan eragina duena eta, espero dut, euskaraz formatzen ari garen belaunaldi gazteei ere eragingo diena. Orain arteko nire lan-ibilbidean euskara izan da lan hizkuntza nagusia eta nahiko nuke aurrerantzean ere hala izatea. Izan ere, euskara ere bada talentua erakartzeko eta pertsonen asebetetzean eragiteko gakoa, bai eta enpresak erakargarriagoak eta lehiakorragoak izateko faktore bat ere. Hala diote, bederen, euskara ere kudeatzen duten enpresek. Erakunde askok neurtzen dituzte, modu desberdinetan, langileen asebetetze maila eta horretan eragiten duten faktoreak. Neurketa horietan kontuan hartzen al da euskaraz lan egin ahal izateko aukerak, edo aukerarik ezak, langileengan duen eragina? Zenbait sektoretan langile egokiak erakartzeko eta mantentzeko zailtasunak omen dauden honetan, kontuan hartzekoa litzateke.