Amaia EREÑAGA
DURANGO
DURANGOKO AZOKA 2023

Konponbiderako Giltzak eskuartean hartu zituen kulturaren munduak

«Konponbiderako Giltza» manifestuari atxikimendua eman nahi izan zioten kultur eragile ugarik Durangoko Azokan atzo eguerdian egin zen ekitaldian. Argazki herritar bat, desira amankomun batek bultzatuta, eta, bukaeran, Porrotxek dantzan jarri zuen Landako, kulturaren plaza.

Argazki herritarra, giltzak eskuetan. Ez dira poltsikoetan geratuko.
Argazki herritarra, giltzak eskuetan. Ez dira poltsikoetan geratuko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

La Furia, Igor Elortza, Lide Hernando, Unai Iturriaga, Xabier Mendiguren, Gaizka Chamizo, Maitane Azurmendi, Joseba Beramendi “Exprai”, Joseba Tapia... atzo eguerdian Azokan egin zen “Kultur giltzak” izeneko ekitaldian parte hartu zuten kulturgintzako ordezkarien zerrenda luzea izan zen. Luzea da baita ere egun hauetan, sareetan islatu den denez, Sareren manifestuari bere atxikimendua eman dieten kulturgileen zerrenda: Gorka Urbizu, Leihotikan taldeko kideak, Zea Maysekoak, Skabidean taldea...

Atzo goizeko 10etan hasita, sinadurak jaso zituzten Sareko partaideek Landakoren aurrean ezarritako gune batean. Giltzak banatu zituzten, irudi metaforiko horrekin islatu baita Sarek martxan duen euskal presoen aldeko ekimena: «Giltza, sarraila, zuloa, atea. Zarratu. Heriotza zigorrari, biolentziei, isolamenduari, urruntze politikei, sufrimenduari eta gorrotoari. Iraganari, minari… Atea. Zabaldu. Elkarbizitzari, ezberdinen arteko baturari, elkar-ekiteari, entzun eta ulertzeari, zauriak sendatzeari, euskal herriratzeari, konponbideari eta bakeari. Ateak zabaltzen gabiltza, beste batzuk betiko zarratu ahal izateko. Etorkizunari ateak ireki, iraganari atea ixteko, behar den bezala», errezitatu zuen oholtzatik aurkezleak. «Bidean aurrera goaz. Hartu ditzagun giltzak eskuartean, ekin diezaiogun giltzarrapoak zabalduz, errepikaezinak giltzapetzeari!», jarraitu zuen.

Ines Osinagak «musika banda» jarri zion elkarretaratzeari, eta Porrotxek bertaratu ziren herritarrak, haur zein heldu, dantzan jarri zituen, umorea ez baita sekula galdu behar.