Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Jakak eta Mariezkurrenak euren hautagaitza aurkeztu dute

Baikoko bikoteak hiru partidak garaipenarekin kontatzen ditu eta sailkapenean lidergoa partekatzen du Elordi eta Rezustarekin batera.

Erik Jakak 16 egindakorekin bukatu zuen dema.
Erik Jakak 16 egindakorekin bukatu zuen dema. (Aritz LOIOLA)

«Ongi gabiltza, Erik [Jaka] oso puntu onean dago, disfrutatzen ari gara, eskuetatik ere ongi nabil eta txisparekin sentitzen naiz. Ederra izango da horrela jarraitzen badugu», adierazi zuen Jon Mariezkurrenak, ETB1eko kameren aurrean, Binakako txapelketako hirugarren puntua eskuratu berritan.

Sasoiko daude lizartzarra eta berriozartarra, eta atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan beste erakustaldi bat egin zuten, erabat deseroso sentitu ziren Elezkano eta Martijaren aurka. Gorriak hasi ziren agintzen, 3-0eko partzialarekin. Mariezkurrenari kosta zitzaion partidan sartzea -berak ere halaxe onartu zuen, piloteoaren beharrean zegoela-, baina Jakari tantoak bukatzeko egoera eman zitzaion unetik aurrera, urdinak markagailuan gora joan ziren, 1-10eko partziala ezartzeraino.

Atzean sendo eta aurrean oldarkor jokatu zuten urdinek, «bikote bati eskatzen zaion bezala», hain zuzen ere, Erik Jakaren arabera. 16 egindakorekin bukatu zuen partida gipuzkoarrak, eta soilik bi galduta. Tantoak bukatzeko egoeretan oso fin agertu zen eta hori izan zen gakoa partida osoan zehar. Bikote osoago bat izan ziren urdinak, eta zalantza gehiagorekin azaldu ziren gorriak.

Kostatu zitzaien aldea murriztea Elezkano eta Martijari (7-11), eta urdinen kontrola ez zen gainbeheran joan. Beste 0-8ko partzial batekin, erabakita utzi zuten dema, pilotakada gutxikoa -soilik 402- eta ordubetearen azpitik bukatua.

Tanto baten faltan, 7-21eko markagailuarekin, Mariezkurrenak kanpora botatako batekin eta Jakak txapapera jaurtitako bestearekin, markagailua apur bat apaindu zuten gorriek, baina ezin izan zuten saihestu Baikokoen garaipena. Elezkanok txokora botatzeko intentzioz, huts egin zuen urdinen 22. tantoan.

BIDE LUZEAN PAUSO TXIKIA

«Egindako partidarekin gustura» bukatu zuten irabazleek, eta batez ere, pozik azaldu ziren txapelketaren hasiera onarekin. Luzea da Binakakoaren bidea, baina Berriozarrekoak esan legez, «orain puntuak eskuratzea garrantzitsua izango da, bukaeran beharrezkoak izaten direlako goian egoteko edo behean egotea saihesteko».

«Erikek harrapatu duen guztia bukatu du, eta horrela errazagoa da», nabarmendu zuen atzelariak. Lizartzakoak ere onartu zuen «errematean fin» aritu zela, baina txapelketa luzea dela eta etorriko direla egun txarrak ere. Zentzu honetan, onartu zuen, nahiz eta hiru partidak irabazi dituzten eta lidergoan dauden, bigarren partidan ez zela guztiz eroso sentitu. «Ondo hasi dugu, hau oso luzea da eta bidean oso pauso txikia egin dugu», esan zuen.