GARA
SASKIBALOIA

Bilbao Basketek lidergoa du helburu Porton; Baskoniak Palentzia jasoko du Ligan

Bilbotarrek FIBA Europe Cupeko jardunaldia Portugalen duten bitartean, gasteiztarrek Liga dute etxean, krisi handi batetik datorren aurkariarekin.

Bilbao Basketek lidertza nahi du FIBA Europe Cupeko K multzoan.
Bilbao Basketek lidertza nahi du FIBA Europe Cupeko K multzoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Txapelketa ezberdinak, baina helburu bera: garaipena lortzea. Hala aterako dira pistara Surne Bilbao Basket FIBA Europe Cup txapelketan eta Saski Baskonia ACB Ligan.

Surne Bilbao Basketek aukera bikaina du partida bakarrean bi helburu betetzeko. Bilbotarrek Porto bisitatuko dute (Dragao Arena, 21.00, ETB4), K Multzoko liderra, eta bertan ACB Ligan jasotako azken porrotetik altxatu eta Europan lidergoa eskuratzeko borrokatuko dira.

Ibilbide bikaina daramate Jaume Ponsarnauren jokalariek Europan, zazpi neurketetan beste hainbeste garaipen lortu baitituzte. Porto lehen faseko bigarren sailkaturik txarrena bezala iritsi da bigarren fase honetara, baina lehenengo jardunaldian ustekabeko garaipena lortu zuen Bulgarian Balkan Botevgraden aurka (63-88), eta horregatik dira liderrak, Bilbao Basketekin batera. Jaume Ponsarnauren iritziz, Breoganen aurkako porrota «gainditu behar» dute. Gainera, gaur garaipen bat lortuta, final-laurdenetan egoteko «pauso handia» izango litzatekeela onartu du prestatzaile katalanak: «Sari handia duen partida bat da».

NEKEA, BASKONIAREN AURKARI HANDIENA?

Baskoniak dinamika ona hartu du eta krisi handi batean murgilduta dagoen Palentzia jasoko du (20.30). Marco Justo entrenatzailea kanporatu ostean, baskoniarren aurkariak oraindik ez du ezagutzen prestatzaile berria nor izango den.

Dusko Ivanovicen taldeak laugarren partida jokatuko du zortzi egunetan. Hiru garaipen jarraian lortu dituzte -bi Euroligan eta bestea Ligan-, eta Kopan aritzea euren eskuetan dago. Costellok ezingo du jokatu, orkatila bihurrituta baitu. Hala ere, jokalariek nola errekuperatu duten ikustea garrantzitsuagoa da gaur.