Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Turkiar Gazteak, hil hurren?

Pentsa zitekeen Gazako sarraskiaren epifenomenoa zela Erdoganek Palestinako auzian azaldu duen jarrera gero eta proaktiboagoa. Baina aurretiazko beste aztarna batzuk ere (Egiptorekin eta Emirerriekin, baita Assadekin ere, leundu dituen harremanak, demagun) aintzat hartuta, pasatu den astean hark Atenasera egin duen bisitaldiak argi erakusten du askoz sakonagoko zerbait badabilela tartean.

Grezia eta Turkiaren arteko kontraesanak norainokoak diren jabetzeko, gogoan izan behar baita zuzeneko gerran ere aritu direla bi herrialdeak XX. mendearen bigarren zatian... NATOko kide izanik biak. Eta jazapen horien froga-harria den Zipreren zatiketak bere horretan jarraitzen duela, 50 urte igaro eta gero. Eta kontu zaharragoei kasu egiten badiegu, zer esanik ez.

Bada, hori guztia aurrez aurre izanik, Erdogan Mitsotakisi hurbildu zaio esanez, joanak joan, bi herrialdeen arteko adiskidantza ereiteko eta umotzeko garaia dela, liskarrak konpondu eta elkarrekin onbidean aurrera egitekoa... Mirariak, noizean behin, gertatu ere gertatzen direla munduan, pentsa dezake norbaitek.

Esplikabide lurtarragoa otutzen zait niri. Munduko bi potentzia nagusien artean hitzetik hortzera dabilen «deskonexio» ospetsu bezain balizkoa bene-benetan gertatzen ari dela, egintzetan, pausoz pauso, «Europa» eta «Asia» kontzeptu geografiko eta politikoak sortu ziren lurraldean. Europari agur esaten ari dela, delibero osoz, Erdogan: Turkiaren «berezko esparru geopolitikoan», Ekialde Ertaina edo deitu ohi dugun horretan, buru-belarri murgiltzeko.

Arrazoibiderik ez zaio faltako. Europako Batasunarentzat turkiarrak ez dira inoiz «europar osoak» izan. Eta horren lekuko dira duela 60 urte abian jarri eta inoiz burutu -ezta hurbildu ere- ez diren elkartzeko negoziazioak.

Orain, Erdoganen Turkia da Europarekin bat egiteko interes gutxi duena, eta bere etorkizuna ekialde eta hegoaldean bilatzen duena. Turkiar Gazteen suposizio geopolitiko nagusia ere azkenetan da.