GARA
BILBO

EAEko biztanleriaren %9,3k atzerriko nazionalitatea du: 203.662 pertsona

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nazionalitate atzerritarreko 203.662 pertsona zeuden 2023ko urtarrilaren 1ean, hau da, 2022an baino %0,8 gehiago. Kolektibo hori biztanleria osoaren %9,3 da. Horietako ia erdiak Amerikako herrialdeetakoak dira. Beste alde batetik, atzerriko herrialdeetan jaiotakoak 277.911 dira, populazio osoaren %12,7.

Atzerriko herrialdeetan jaiotakoak 277.911 dira EAEn, populazio osoaren %12,7.
Atzerriko herrialdeetan jaiotakoak 277.911 dira EAEn, populazio osoaren %12,7. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Eustat estatistika erakundearen datuen arabera, 2023ko urtarrilaren 1ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 203.662 atzerritar zeuden, hau da, 2022an baino %9,1 gehiago. Kolektibo hori hiru herrialdeetako biztanleria osoren %9,3 da, duela urtebete baino %0,8 gehiago.

Atzerriko herritartasuna duten biztanleen ehunekoa pixka bat aldatzen da lurralde historiko batetik bestera: Arabak du proportziorik handiena, %10,6rekin (2022an baino %0,6 gehiago); ondoren, Gipuzkoa, %9,3rekin (%0,7 gehiago), eta azkenik Bizkaia, %8,8rekin (%0,7 gehiago). Estatu espainolean %12,6koa da kopurua.

EAEn atzerriko nazionalitatea duten pertsonen batez besteko adina 33,5 urtekoa da, nazionalitate espainiarra duten egoiliarren batez besteko adina baino askoz ere txikiagoa (46,8 urte).

GEHIENAK AMERIKARRAK

Nazionalitatea kontuan hartuz gero, kanpoko herritartasuna duten pertsonen %44,1 Ameriketako herrialdeetakoak dira (2022an baino 3,3 puntu gehiago). Talde horretako kide gehien dituzten herrialdeak Kolonbia, Nikaragua, Honduras, Venezuela eta Paraguai dira, atzerriko nazionalitatea duten pertsona guztien %29,6, eta nazionalitate amerikarra dutenen %67,1. Amerikarren artean, %58,8 dira emakumeak.

Afrikako herrialdeak EAEko atzerritarren %25,1 dira, 2022an baino 2,1 puntu gutxiago; eta erdia baino gehiago Marokokoak dira (%54,1). Ondoren, Aljeria, Senegal eta Nigeria daude (%13,4, %10,4 eta %8,1, hurrenez hurren). Lau lurralde horiek Afrikako nazionalitatea duten pertsonen %86 baino gehiago biltzen dute, eta atzerritar guztien %21 baino gehiago. Sexuaren araberako banaketa kontuan hartuz gero, gizonak dira nagusi, guztizkoaren %62,4.

EAEn bizi diren Europako nazionalitateko pertsonak atzerritar guztien %22,8 dira, 2022an baino 0,6 puntu gutxiago. Talde horretan Errumaniakoak dira atzerritar guztien %9,1 eta europarren %40. Bigarren tokian, nahiko urrun bada ere, Portugal dago, EAEn Europako nazionalitatea duten pertsonen %13,4rekin. Eta hirugarrena Ukraina da, %11,2rekin. Kolektibo horretan, bi sexuek antzeko neurria dute, baina gizonen ehunekoa zertxobait handiagoa da.

Azken tokian Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak daude, atzerriko biztanleen %8. Aipatzekoa da bertan dauden ia herrialde bakarrak Afganistan eta Txina direla, taldearen %73,5 osatzen baitute.

ATZERRIAN JAIOTAKOAK 277.000 BAINO GEHIAGO DIRA

2023ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaiotako 277.911 biztanle bizi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanleria osoaren %12,7. Haietatik 91.195 lagunek eskuratu dute nazionalitate espainolaa, familia arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik. Kopuru horretatik, %69,4 Ameriketatik dator. Horien artean, hiru herrialdek egoera horretan dauden pertsonen ia %45 biltzen dute: Kolonbiak (%21,7), Boliviak (%12) eta Ekuadorrek (%11,1).

Eustaten datuen arabera, atzerrian jaiotakoen ehunekoak EAE osokoak baino handiagoak dira hiru hiriburuetan: Gasteizen %16,1, Bilbon %15,4 eta Donostian %14.

Jaioterriari begiraturik, alde handiak daude adinaren batez bestekoan, kontuan hartuta leku hori EAE, Estatuko beste erkidegoren bat edo atzerria den. Gehien zahartutako biztanleria Estatuko gainerako erkidegoetan jaiotakoa da (65,3 urte); ondoren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiotakoak daude (42,3 urte, batez beste); eta, azkenik, atzerriko herrialde batean jaiotakoak (38 urte, batez beste).