IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini, Munduko Poesia Kaieren udazkeneko uzta

Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumak bi antologia berri aurkeztu ditu udazkenean, 47 eta 48. kaierak, hain zuzen ere. Philip Larkin ingelesa eta Pier Paolo Pasolini italiarra euskaratu dituzte Juanjo Olasagarrek eta Irene Hurtado de Saratxo Mendietak.

Munduko poesia kaieren 47 eta 48.aleak aurkeztu zituzten, atzo, Donostian.
Munduko poesia kaieren 47 eta 48.aleak aurkeztu zituzten, atzo, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Juanjo Olasagarre eta Irene Hurtado de Saratxo Mendieta itzultzaileak arduratu dira Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumara batuko diren antologia berriak euskarara ekartzeaz. Philip Larkin (1922-1985) itzuli du lehenak, eta Pier Paolo Pasolini (1922-1975), bigarrenak. Atzo aurkeztu zituzten bildumaren 47 eta 48. kaierak, Donostian.

Bi poetak 1922an jaioak badira ere, elkarren artean zerikusirik ez dutela aurreratu zuten aurkezpenean. Biek bizi izan zuten Bigarren Mundu Gerra, eta horren arrastoak sumatzen dira haien lanetan, nahiz eta ikuspegi oso ezberdinetatik begiratuko dioten. Larkinentzat poesia ez zen «mundua deskubritzeko tresna»; egunerokotasuneko elementuetan oinarritzen da, eta interesgarria iruditzen zaio hori. Larkinek eta Ingalaterrako beste zenbait poetak 80ko hamarkadan osatutako ‘The Movement’ taldetik edan zuela kontatu zuen.

Larkin bi hitzetan definitu beharko balu, «gizon eskasa» erantzungo lukela aitortu zuen atzo itzultzaileak: «‘Hau guztia dugu’ esaten zuen, baina izugarri depresiboa da». Bere ideologiarekin lotuta dagoen ikusmoldea izan daiteke, Olasagarreren esanetan; izan ere, Larkin «eskuineko ingelesa» zen, aurkezpenean kontatu zuenez. Tradizio ingelesari eutsi zion eta aldaketekiko itxia zen.

Ezaguna ez den bitxikeria bat kontatu zuen Olasagarrek: «Thatcherrek, agintera heldu zenean, intelektualekin afari bat antolatu zuen. Haien artean zen Larkin. Handik aurrera ongi konponduko ziren».

Itzultzaileak adierazi zuen, bere ustez, zailena izan dela «Larkinen mundu ingeles hori euskarara ekartzea».

PASOLINI 33 POEMATAN

Hurtado de Saratxo Mendietak euskaratu du Pasolini, poetaren sei poema liburuetatik hautatutako 33 piezaren bidez. Idazlearen beraren bizitza antzeman daiteke bere lanaren luze-zabalean, «bere bizitzako gertakizun garrantzitsuenekin korapilatzen» baititu poemak, itzultzailearen arabera.

Momentuko egoera politikoari eta ibilbide pertsonalari erantzuten dio poetaren liburu bakoitzak, baina Hurtado de Saratxo Mendietak amaren presentzia nabarmendu zuen.

Hizkuntzaren gaia ere presente izan zuen Pasolinik bere lanetan. Italiera estandarra sortzen zebiltzan garaian friulieraz idazten zuen Pasolinik: «Estandarra orduko giro politikoarekin lotzen zuen, guztia berdintzearekin, eta erresistentzia gisa idazten zuen friulieraz». Ondoren, estandarrean idaztera igaro zen.

ERBESTERA JOAN BEHARRA

Homosexualitatea izan zen idazlearen bizitza eta obra zeharkatu zuen beste elementu bat. 27 urte zituelarik, Erromara joan behar izan zuen, Casarsako apaizak salaketa larria jarri zuelako haren aurka; «gazteekin harreman lizunak, homosexualak izatea» egotzi zion, itzultzaileak kontatu zuenez. Ordurako alderdi komunistan erabat sartuta bazegoen ere, alderdiak gaitzetsi eta kanpora bota zuen.

Hizkera sinplea erabili ohi zuela azaldu zuten aurkezpenean; adjektibo asko erabiltzen zituen, eta oximorona bezalako baliabideak erabiltzen zituen.

Aurpegi poliedrikoa zuen Pasolinik, Hurtado de Saratxo Mendietak azaldu zuenez. Nekaezina izan zen, nahiz eta konponbiderik aurkitzen ez zuen: «Katolikoentzat, ateoa eta komunistegia; komunistentzat, katolikoegia. Eta denentzat, homosexualegia».

Hasierako poemak euskaratzea izan zen zailena, itzultzaileak kontatu zuenez: «Errima asko erabiltzen zituen; musikaltasun bat emateko ahalegina egin dugu».