GARA
GASTEIZ

Mariasun Landa, berdintasunari egindako ekarpenagatik, Emakunde Saria

Mariasun Landa idazleak jaso du 2023ko Emakunde Saria, Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak atzo agerraldi batean iragarri zutenez. Sariduna bera ere bertan izan zen.

Landak berdintasunari eta «neskato, nerabe eta emakumeen duintasunari» egindako «ekarpen sortzailea» nabarmendu zuen epaimahaiak, aho batez hartutako erabakian.

Melgosak adierazi zuen haur eta gazteei zuzendutako bere literatur lan zabala dela, «zeinetan sexismoaren aurkako borroka eta nesken eta emakumeen ahalduntzea kezka nagusi diren».

Oreretako idazlearen hautagaitza Redagi Gipuzkoako Emakume Elkarteen Federazioak bermatu du, eta, Melgosak gogoratu zuenez, «sariak jasotzen dituen irizpide guztiak biltzen ditu, hala nola sarituak berdintasunaren alde egin duen ibilbidea, garrantzia, oihartzuna eta eragina».

Garrantzi hori agerikoa da, Landa erdal hizkuntzetara gehien itzulitako egileetako bat delako eta hainbat sari garrantzitsu jaso dituelako. Landaren literatur ekoizpenak feminismoa eta euskara biltzen ditu eta, horrez gain, «sozializazio prozesuan eta nortasun eraikuntzan dagoen publiko gazte bati zuzentzen zaio», gogoratu zuen Melgosak.

Mariasun Landaren lan oparoak zenbait literatur sari jaso ditu: Euskarazko Haur Literaturako Lizardi Saria, 1982an; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, 1991n; eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazional espainiarra, 2003an.