Sugoi ETXARRI, Luken ETXABE, Irati AREITIO eta Intza GURRUTXAGA
EHEko kideak
KOLABORAZIOA

Bete beharreko lege bati planto egitea betebehar zaigunean

Lerro hauek idatzi eta sinatzen ditugunok, Euskalgintzaren belaunaldi aldaketaren testuinguruan batu garen 20 eta 26 urte arteko gazteak gara. Gure kasuan, euskararen borrokari ekarpena Euskal Herrian Euskaraz-etik egitea erabaki dugu.

Gutako bakoitzak, bizitako testuinguru zehatzak baldintzatuta, bere bizipen eta motibazio pertsonalak izan ditugu euskaldun gisa gure hizkuntzaren eta hiztun-komunitatearen alde aktibatu eta lan egiteko. Baina denok, era batera ala bestera, sumatu dugu zerbait ez dagoela ongi: oraindik ere Euskal Herriko ikasleen zati handi batek A, B eta G ereduetan ikasten jarraitzen duela; geuk bezala D ereduan ikasi duten lagun askok eta askok ez dutela nahikoa motibazio -motibo- euskaraz aritzeko; hizkuntza gaitasuna ere oso urria dela orokorrean; erreferente faltaren eta kultur-transmisioaren gabezien ondorioz, geure burua ere gero eta hankamotzago ikusten dugula euskaratik eta euskaraz aritzeko... Azken finean, (ez hain) pixkanaka, asimilatuago ikusten dugulako geure burua zein ingurua, hizkuntza eta kultura hegemonikoek gero eta barne- zein kanpo-espazio gehiago hartzen dutelako.

Argi dago hizkuntza minorizatu baten berreskuratze-prozesuan hezkuntza arautuak bakarrik ezin duela, baina funtsezko elementua dela argi ikusi da azken hamarkadetan. EHEtik, duela urte dezente indarrean ditugun hezkuntza-sistemek euskalduntzen ez dutela ohartarazi zenetik hona, ditugun gabeziak nabarmenagoak dira urtez urte. Hizkuntza politiketan (hezkuntza barne) jauzi baten beharra aldarrikatu zen orduan eta pixkanaka Euskalgintza osoa batu da diagnostiko horretara.

Kasu honetan, hiru probintziatako Hezkuntza Legearen eztabaida piztu zenetik, Euskalgintzaren Kontseiluak lortu du hezkuntza-komunitatearen gehiengo zabala ordezkatzen duten eragile eta sindikatuak batzea, hiru ardatz nagusiren inguruan: euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

EHEtik, aldarrikapen horiekin bat egiteaz gain, geure partetik hezkuntzak euskalduntzeko behar dituen eta, beraz, lege honek jaso beharko lituzkeen hamar proposamen jarri genituen mahai gainean.

Adostasun sozial zabala lortu da, bai, baina maila instituzionaletik datorkiguna guztiz kontrakoa da: hots, dugun egoerari erantzutetik oso urrun, berreuskalduntze prozesuan bizi dugun krisian sakontzeko baldintzak sortuko dituen legea. Euskalgintza osoari zein hezkuntza komunitateari bizkar ematen ari zaizkigu Lege hau proposatzen ari diren alderdiak, EAJ eta PSE. Onartezina da Euskalgintzatik hainbeste urtetan borrokatutakoari entzungor eginez eta geure aldarrikapenak mespretxatuz aurkeztu diguten legea aurrera ateratzea. Eta onartezina da, aldi berean, euskaldunon aurkako oldarraldiaren kontrako manifestazioan gure pankarta bera eusten zuten horiek, euskararen aurkakoa den lege hau proposatzea. Testuingurua kontuan hartuta, geuk behintzat, lege hau oldarraldiaren barnean kokatzen dugu argi eta garbi.

Horregatik guztiagatik, kezkaz bizi dugu, gai honen garrantzia kontuan izanda, orain arte Euskalgintzatik egon den erantzun falta, edo gutxienez, erantzunaren apaltasuna. Gure ustez, euskaltzale guztiok eta Euskalgintzak PLANTO (bai, hizki larriz) egin behar diogu lege honi, izan ere, irain honen aurrean erantzun sendorik eman ezean, berriz ere gutxietsiko dituzte gerora lortuko ditugun balizko adostasun zabal berriak. Ezin diogu geure buruari isiltasunetik edo tonu apalean erantzuten utzi. Lege honi ezezko borobila ematea, planto egitea, euskalgintzaren eta euskaltzaleon betebeharra dela ulertzen dugu.

Ez dira besoak gurutzatuta egoteko garaiak. Galtzen ari garena berreskuratzeko, indartzeko eta eremu berrietara zabaltzeko garaia da. Eta hori, soilik, ekinez lortuko dugu. «Gazte gara gazte eta ez gaude konforme» izan zen zuetako batzuen belaunaldiaren leloa. Bada, geure ere egiten dugu, baina argi dago: gazteok bakarrik ezin dugu eta orain arte noizbait gazte izan zareten guztiok ere behar zaituztegu. 36 urte barru, Euskalgintzan hasiko diren gazteek gaur aldarrikatzen ari garen gauza bera eta duela 36 urte eskatzen zenuten gauza bera berriz ere errepikatu behar ez dezaten.

Hortaz, dei egiten dizuegu euskaltzale zein Euskalgintzako eragile guztioi datorren ostegunean, hilaren 21ean, goizeko 9.00etan Gasteizko Legebiltzarraren parean eginen dugun protestan gurekin bat egitera. Guztiok batera, Hezkuntza Legeari planto egin eta behar dugun Hezkuntza Euskalduna aldarrikatzera.