Ane URKIRI ANSOLA
GERNIKA
MARIO LOPEZEN GAINEKO IKERKETA, SEXU ABUSUENGATIK

«Erasotzailearen inpunitatea» eta klubaren konplizitatea arbuiatu dute

Ustezko erasotzailea «hogei urte luzez inpunitate osoz» bizi izan dela eta Lointek Gernika, kasua ezkutatzeagatik, konplize izan dela salatzeko milaka lagun kalera atera ziren atzo, Gernikan, «guk sinesten zaitugu» lelopean. Mario Lopez teknikaria ikertzen ari dira, 1998an adin txikiko bati eginiko abusu sexualak leporatuta. Biktimak duela urte erdi jarri zuen salaketa auzitegian.

«Babosoak kanteratik behera» edo «Angie Bjorklund, you are the best» moduko mezuak ere ikusi ziren mobilizazioan.
«Babosoak kanteratik behera» edo «Angie Bjorklund, you are the best» moduko mezuak ere ikusi ziren mobilizazioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hautsak harrotu zituen herenegun “El Pais” egunkariak argitaratu zuen berriak: Mario Lopez, hamaika urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izandakoa eta aurten klubeko kirol ardura hartu zuena, duela bi hamarkada eginiko sexu abusuengatik ikertzen ari zirenaren berri eman zuenean hedabide espainiarrak.

Aurten, udara aurretik, Gernikako Sare Feministak kasu honen berri izan zuen eta, ahal bezain laster, klubarekin harremanetan jarri zen. Une oro zuzendaritza taldetik entrenatzailearen aldeko babesa erakutsi zutela-eta, kritiko agertu ziren talde feministakoak, eta, hori arrazoi hartuta, mobilizatzeko deia egin zuten.

Milaka lagunek erantzun zuten atzo mobilizaziora, tartean izan ziren Lointek Gernikako jokalariak ere. «Angie Bjorklund, you are the best» leloa ere bazeraman pankarta batek. Jokalari estatubatuarrak Gernikako taldea utzi zuen urrian -udaran jarraitzera zihoala jakinarazi eta hilabete gutxitara-, eta igandean berretsi zuen arrazoi nagusia Mario Lopezek taldean jarraitu izana izan zela, kluba jakitun zelako sexu abusuengatik salaketa bat zeukala.

Hain zuzen ere, «erasotzailea 20 urte luzez inpunitate osoz bizi» izan dela eta «kluba ere konplize» izan duela deitoratzeko atera ziren kalera milaka lagun. Arlette Apraiz Sare Feministako kideak hala berretsi zuen komunikabideen aurrean eginiko agerraldian, manifestazioaren aurretik.

«Babosoak kanteratik behera» zihoen pankarta edo «erasorik ez, erantzunik gabe» bezalako oihuak entzun ziren Pasilekutik Maloste kiroldegiraino luzatu zen mobilizazioan. Hala ere, mezu nagusia «guk sinesten zaitugu» izan zen, biktimari beren babes osoa adieraziz, erasoak jasan eta hogei urte beranduago salatzera ausartzeagatik.

BIKTIMAREN SALAKETA

Mario Lopezi leporatzen zaizkion abusuak 1998koak dira eta hiru urte luzez luzatu ziren, 2022an biktimak Gernikako auzitegian jarri zuen salaketaren arabera. Erasoak gertatu zirenean, 13 urte zituen biktimak: Allende Salazar ikastetxeko saskibaloi taldean kointziditu zuten, bata teknikari eta bestea jokalari zela, eta azken urtean Lointek Gernikan. Bi hamarkadaz abusu hauek azaleratu gabe egon zen biktima eta, azkenean, 2022an egin zuen urratsa.

Iaz, salaketa jarri eta hurrengo egunean, deklaratzera deitua izan zen biktima, eta hurrengo egunean, ustezko erasana. Orduan, Lopez ez zegoen entrenatzaile gisa, osasun arazoak zirela-eta kargua behin-behinean utzi baitzuen. Anna Montañana egin zen taldearen kargu.

Aurten, apirilean, berriro itzuli zen entrenatzaile kargura, «osasun arazoak gaindituta», eta hasiera batean, aurten ere teknikari modura jarraitzekoa zen, Sare Feminista agertu zen arte. Azkenean, teknikari kargutik kendu bai, baina kirol arduradun postura mugitu zuten. «Estatus handiko postu batetik are garrantzi handiko beste batera lekualdatu zuten», deitoratu zuen Arlette Apraiz berak “El Pais”-en argitaratutako albistean.

Matxismo hegemonikoaren isla garbia izan da, kasu honetan, kluba bera. Barkamena helarazi zuen atzo entitateak, ezohiko batzarra egin ostean, eta adierazi «sekula» ez zirela jabetu auziaren larritasunaz, «jazarpen» kasu bat zela sinetsita baitzeuden. Era berean, Mario Lopez bere funtzio guztietatik apartatua izan dela berretsi zuen klubak.