Peli LEKUONA
GERNIKA-LUMO

«Lointek Gernikak uztailaren 3az geroztik zuen Mario Lopezen sexu abusuen berri»

Mario Lopezen erasoen berri Lointek Gernikak uda hasieratik zeukala azaldu zuen atzo Gernikako Sare Feministak NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. Arlette Apraizek klubarekin izandako kontaktu oro xehetasunez deskribatu zituen. Zuzendaritza gezurretan ari dela esan zuen, baina pozik da herrian ez delako klubaren kontakizuna sinetsi.

Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzailearen erasoak salatzeko mobilizazioa.
Mario Lopez Lointek Gernikako entrenatzailearen erasoak salatzeko mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urte luzez Lointek Gernika taldeko entrenatzaile eta kirol zuzendari izandako Mario Lopezen aurkako prozesu judiziala martxan da, 13 urteko adin txikiko baten aurkako sexu abusu salaketa dela medio. Une honetan ebazpenaren zain daude. Taldeak Lopez kirol egituran mantendu zuela jakin ostean handitu da polemika, zuzendaritzak salaketaren berri bazuen arren.

Gernikako Sare Feministak deituta, Lopezen inpunitatea eta klubaren konplizitatea salatzera atera ziren herritarrak astelehenean. Sareko kide Arlette Apraiz pozik eta harro agertu zen NAIZ Irratiko mikrofonoetan herritarren erantzunarekin, bi errelatoen artean biktimarena nagusitu baita herrian, bere ustez.

Lointek Gernika taldeak pasatu den igandean adierazi zuen albistea prentsan agertu arte klubak ez zuela sexu abusuen berri. Juan Carlos Soto del Castillo taldearen abokatuak prentsaurrekoan egindako adierazpenen arabera, Mario Lopezek berak esan zion klubari jazarpenarekin lotutako salaketa bat jaso zuela udan, baina ez zioten garrantzirik eman, prozesu judizialik ez zegoelako eta, abokatuaren hitzetan, ez zirelako «prentsan agertutako gertakizunen dimentsioaren» jakitun.

LEHEN KONTAKTUAK

Gernikako Sare Feministak Lointek Gernika gezurretan ari dela baieztatu zuen. Ekainaren 28an haietako kide batek adin txikiko bati sexu erasoak egitea egotzita, Mario Lopezen aurkako prozesu judizial bat zabalik zegoela jakin zuen. Une horretan Lopez haurren campus baten arduraduna zen. Egoeraren larritasuna dela-eta, zuzendaritzarekin lehenbailehen biltzeko asmoz klubarekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Kostata, baina lehen bilera uztailaren 3an egin zuten.

Bilera horretan jasotako informazioaren berri eman zioten zuzendaritzari. «Guk ez genekien beraiek zerbait ote zekiten edo ez. Eskuzabal joan ginen». Haien kezka bi norabidetan planteatu zuten. Lehena, haurren campusari dagokionez, «urgentea ikusten genuela umeen espazioetatik apartatua izan behar zuela gizon horrek». Eta, bigarrena, «biktimaren erreparazio prozesu baterako, pertsona hori ezin zuela prestigiodun postu batean mantendu».

Campusa biharamunean amaitzen zela eta Lopezek haurrekin ez zuela berriz lan egingo erantzun zuen zuzendaritzak. Entrenatzaile kargutik kentzeko zailtasunak azaldu zituen, ez baitzen erraza izango «prestigio eta kategoria horretako ordezko bat» topatzea.

Uztailean eta abuztuan lau bilera gehiago egin zituzten bi aldeek, akordio batera iritsi nahian. Abuztu bukaeran prentsa bidez jakin zuen Sare Feministak denboraldi berrian Lopezek entrenatzailea izaten segituko zuela. Berri horren osteko bilkuran, abuztuaren 24an, eten zuten feministek klubarekin zuten elkarrizketa.

POSTU ALDAKETA

Abuztuaren 24ko bilera horretan zuzendaritzak Sare Feministako kideei emandako azalpenen arabera, klubak jokalari, juntakide eta sponsorrekin hitz egin zuen, eta esan zieten inork ez zuela arazorik ikusten Lopezen berritzearekin. Jokalari batekin harremanetan jartzen saiatu ziren, zuzendaritzak egindako kontakizuna ezagutzeko asmoz, baina zuzendaritzaren deia jaso zuten bueltan, jokalariak «koakzionatzen eta intimidatzen» ari zirela leporatuz. Aipatzekoa da Angie Bjorklund jokalari estatubatuarraren kasua. Arrazoiak zehaztu gabe taldea utzi zuen eta berriki esan du Lopez izan zela irteeraren arrazoia.

Biharamunean bigarren dei bat jaso zuten zuzendaritzaren aldetik, Lopez entrenatzailea izatetik kirol arduradun kargura igaroko zela esateko, eta bakean uzteko eskatuz. Prestigiodun postu batetik prestigiodun beste postu batera pasatu zuten, ordea.

Astelehen honetan, ezohiko batzarra egin ostean, Lointek taldeak Mario Lopezen kaleratzea baieztatu zuen ohar baten bidez. Klubak behin baino gehiagotan adierazi du zuzendaritzak ez duela inoiz sexu erasoen berri izan igandean albistea kaleratu arte.