Iker BIZKARGUENAGA
OSOKO BILKURA GASTEIZKO PARLAMENTUAN

Hezkuntza Legeak galbahea pasa du, baina ozta-ozta eta zubiak hautsita

Txalorik gabe, protesta artean eta bidean Hezkuntza Akordioak zuen babesaren ia erdia galduta, Gasteizko Parlamentuak Hezkuntza Legea onartu du, duela hogeita hamar urtetik indarrean zegoenaren lekua hartuko duena. EAJk eta PSEk bakarrik babestu dute, eta EH Bilduk oso gogor kritikatu du azken hilabeteetan jazotakoa.

Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, bilkura aretoan sartzen.
Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, bilkura aretoan sartzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Parlamentuak gaur lezio bat eman digu denoi, hezkuntza jarri baitu herri honen etorkizunaren ardatz gisa». Honako hitz potolo hauek ez dira atzokoak, 2022ko apirilaren 7koak baizik. Jokin Bildarratzek horrela baloratu zuen egun horretan Gasteizko Ganberak Hezkuntza Akordioa onartu izana. Parlamentari gehienen eta saioa zuzenean jarraitzen ari ziren eragileen txalo artean, Hezkuntza sailburuak indarrean jarri zuen gizarteari helarazitako «akordio mezua», eta ituna babestu zuten aldeek egindako ahalegina testu komuna hitzartu eta bozkatzeko.

Horrelako hitzik ez zen entzun atzo, eta aldartea oso bestelakoa izan zen. Txalorik ez zen entzun, nahiz eta Legebiltzarrak Hezkuntza Legea onartu zuen. EAJren eta PSEren aldeko botoak soilik jaso zituen. Babes nahikoa galbahea pasatzeko, baina Hezkuntza Akordioak erdietsi zuena baino askoz txikiagoa, tarte honetan egitasmoak izandako ibilbide malkartsuaren erakusgarri.

Duela urte eta erdi, legebiltzarkideen %91ren baiezkoa lortu zuen hezkuntzaren oinarrizko itunak; handik eratorri behar zuen legeak, ordea, %54rena. Ez da galera txikia. Are gehiago legearen aurka agertu direnean hezkuntza komunitatea, gehiengo sindikala eta euskalgintza osoa. Eskola Publikoaz Harro plataformak eta Euskal Herrian Euskarazek kanpoan egindako elkarretaratzeek laburbiltzen dute giroa.

Edonola ere, eguberri jaien bezpera honetan Legebiltzarrean gertatu dena esperotako kontua izan da. Duela ia hiru hilabete Lakuako Gobernua babesten duten bi alderdiek elkarrekin zuzenketak aurkeztu zituztenean -horien artean indarrean dauden hizkuntza ereduak mantentzearen aldekoa-, nahiko argi geratu zen Iñigo Urkulluk irailean emandako abisua serioa zela, eta ordura arte izandako dinamikak 180 graduko buelta egingo zuela. «Hezkuntza eztabaidatik kanpo egondakoek joko arauak aldatu zituzten», EH Bilduko kide Ikoitz Arreseren hitzetan.

Parlamentari independentistak gogor kritikatu zuen auzi honetan lehendakariak izan duen esku hartzea, baina baita horren aurrean Bildarratz sailburua «mutu» geratu izana ere, nahiz eta horrela ia hiru urtez izandako elkarrizketa eta akordio giroa lehertu den.

«TRISTURA ARI DU»

Arresek Beskoitzeko ikastolak pairatzen duen egoera aipatuz hasi zuen hizketaldia, eta, hortik abiatuta, gogoratu zuen Euskal Herriak ez duela hezkuntza sistema propiorik. «EH Bildun badugu Euskal Herrirako proiektua, etorkizunari begiratzen dion eskaintza: Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Burujabea. Eta herri honen zati honetan duela hiru urte ireki zitzaigun aukera leihoa probestea erabaki genuen horren bidean», esanez azaldu zuen bere taldeak auzi honetan izandako jarrera eta helburua, eta ziurtatu zuen haien inplikazioa «erabatekoa» izan dela.

Izan ere, Bildarratzi zuzenduz nabarmendu zuenez, «jakinda EAJ-PSE gehiengoa ziurtatuta zenutela hasieratik, EH Bildurentzat erosoena oposizioan geratzea zen, arriskurik hartu gabe». Baina inplikatu ziren, «eta nola gainera».

Hau esanda, eta Hezkuntza Akordioa erdiesteko «inoiz legebiltzar honetan egin ez den prozesua» burutu zela adierazi ondoren, «elkarlanean, konpartitua», EH Bilduko ordezkariak orduan bizitakoa eta atzoko irudia kontrajarri zituen: «Zein da gaur egoera? Gobernu honentzat tramite huts bat. Osoko bilkura amaigabe honetan seiren artean beste lege bat gehiago. Tramite bat. Gonbidaturik ez. Albiste positiborik ez. Akordiorik ez. Ilusiorik ez. Tristura ari du. Hezkuntza Lege hau aukera galdu bat da».

Irailean Urkulluk behartutako ziaboga gogora ekarri ostean, Arresek urrian EAJk eta PSEk beren zuzenketak aurkeztuz egindako jokaldia aipatu zuen, zorrotz. Haren aburuz, orduan «heldu zen mono- linguismoaren apologia» eta «euskarafobia». «Eta heldu zen EH Bildu prozesutik baztertzeko makinaria politiko eta mediatikoa», salatu zuen.

Hortik aurrera, Hezkuntza Batzordearen gestioa «desproposito bat» izan dela eta debatea bera «ukatu» izana leporatu zien gobernuko alderdiei. «Hezkuntza Akordioarekin lortutako zubiak hautsi dituzue, nahita, azken momentuan EAJ eta PSEren arteko negoziazio hutsera mugatuz», aurpegiratu zien, eta gaineratu zuen «Hezkuntza sistemak behar duen legea adostu beharrean, EAJ-PSE gobernu salbazioa hobetsi» dutela, «hezkuntzarekin zerikusia ez duten interes alderdikoiak gailenduz». Eta, hori horrela izanda, ezezko botoa iragarri zuen.

«EZ DA NAZIO ERAIKUNTZARAKO LEGE BAT IZANGO»

Oso bestelakoa izan zen Exekutiboa sostengatzen duten taldeen balorazioa. Maria Jesus San Jose PSEko ordezkariak, alderdi horren ekimenez hizkuntza ereduak mantentzea, eta «euskaraz zein gazteleraz ikasteko eskubidea bermatzea» txalotu zuen, eta bere helburua modu grafikoan laburbildu zuen: «PSEri esker, ez da nazio eraikuntzarako lege bat izango».

EAJko Gorka Alvarezek, bere aldetik, atzokoa «egun oso pozgarria» zela baloratu zuen, eta legeak «etorkizunari aurrez aurre begiratzen» diola eta «epe luzerako» helburuak lortzeko bideak ematen dituela ziurtatu zuen. Gainera, EH Bilduri kritika egin zion ezezko botoa emateagatik, eta legeak akordioaren oinarriei eusten diela adierazi zuen: «Ez da benetan ezer aldatu, gauza bakar bat aldatu da: zuen jarrera», leporatu zion Arreseri.

Kontrako botoa eman zuten, arrazoi desberdinengatik izan arren, Cs-ek, Voxek, PPk eta Elkarrekin Podemosek. Talde honetako eledun Miren Gorrotxategik legeak eskola publikoa kaltetzen duela balo- ratu zuen, izaera pribatua duten ikastetxeen mesedetan. Hauek diru publikoa jasoko badute, baldintza zehatzak eta zorrotzak eskatu behar zaizkiela eta legeak horri uko egiten diola salatu zuen. «Benetan uste dugu lege honek eskola publikoaren egoera hobetzen duela?», galdetu zuen.

Espainiar eskumako ordezkariak diren hiru alderdiek, ordea, hizkuntzan zentratu zituzten eurek kritikak, haien iritziz euskara hobesten delako, gaztelania kaltetuz. «Lege honekin euskaldunek bakarrik izango dute arrakasta», esan zuen PPko Carmelo Barriok.

«BABES SENDOA ETA ZABALA DAUKA»

Modu batean edo bestean, eta nahiko estu bada ere, legea aurrera atera da. Onartu eta gutxira, Jokin Bildarratz pozik agertu zen hedabideen aurrean, eta ez zituen bere egin jasotako kritikak. Are gehiago, adierazi zuen «azken unean emandako botoaz harago, Hezkuntza Hitzarmenak eta Hezkuntza Lege berriak babes sendoa, sakona eta zabala» daukatela. «Irauteko asmoz burututako Legea da; hezkuntzaren kalitatea etengabe hobetzeko markoa, baliabideak eta egonkortasuna eskaintzen dizkiguna», gaineratu zuen bere lantaldearekin agerraldia egin zuen sailburuak. Eta hauxe ziurtatu zuen: «Euskal gizarteak merezi eta nahi duen Hezkuntza Lege berria du».

Ez daude ados Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideak, “Hezkuntza lege txerri honi ez!” lelopean, mobilizazio deigarria egin zuten Ganberaren kanpoaldean. Salatu zutenez, onartutako araudiak «marko legala jarriko du irakaskuntza pribatua gizendu dadin neurririk gabe, eskola publikoaren kaltetan». Legea «iruzur handia» dela gaineratu zuten plataformako kideek.

Bestalde, Euskal Herrian Euskarazeko zenbait lagun Parlamentuan kateatzen saiatu ziren goizean goiz, legearen kontrako protesta gisa. Ertzaintza haien aurka oldartu eta kanporatu zituen. Edonola ere, “Hezkuntza euskalduna behingoz!” zioen pankartaren atzean EHEko kideek mezu argia bota zuten: «Hezkuntza Lege honek ez digu balio; aurrekoa bezalaxe, iraungita dago».

Esparru sindikaletik, LABek oharra igorri zuen Hezkuntza Legeari «ezezko biribila» emateko. «Segregazioari aurre egiteko neurri positibo batzuk kenduta, onartu duten Legeak egiturazko aldaketei atea itxi eta egungo hezkuntza ereduaren gabeziak iraunaraziko ditu: hezkuntza eskumen mugatuak, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak, mugarik gabeko ituntze sistema unibertsala, laikotasunik eza eta eskola publikoaren azpigarapena nahiz segregazioa dakarren hezkuntza sistema duala», baloratu zuen sindikatuak.