Arnaitz GORRITI
Elkarrizketa
Ane Olaeta Larrauri
Lugoko Duran Maquinaria Ensino taldeko joko antolatzailea

«Unibertsitateko garaiak nire profesionaltasuna lantzen irakatsi dit»

Sortzez Gernikakoa bada ere, 24 urteko saskibaloi jokalari hau ez da Gernikara lotu. CBU -California Baptist Unibersity- delakoan bost urteko gradua amaitu eta WAC -Western Athletic Conference- delakoan marka onak egin eta gero, bigarren urtea betetzen ari da Lugon. Ikastea eta minutuak pilatzea zuen xede, eta helburuak osatzen bikain dihardu.

(DURAN MAQUINARIA ENSINO)

 

Azaroaren azken aldera elkarrizketa egin zitzaion Ane Olaeta Larrauri saskibaloi jokalariari. Egunerokotasunak gain hartu die, tamalez, joko antolatzaile gernikarraren berbei. 2016ko urtarrilaren 7an, Mario Lopez entrenatzailearen eskutik, Ane Olaetak, artean 17 urte bete gabe zituen jokalariak, Emakumeen Ligan debuta egin zuen Maloste kiroldegian. Partida hura galdu egin zuten, baina jokatu zituen 11 minutu horiek «esperientzia ahaztezina» izan zirela dio, telefonoaren bestaldean.

Hauxe du bere bigarren urtea Lugon, eta, lehenengo lau partidak galdu arren, denboraldiari buelta ematen hasi zen Aneren taldea, Gasteizen Araskiri irabazi eta gero, Aneren puntu zaparrada batekin. Azken asteetan Blanca Millan izarra ere berreskuratu dutenez, erosoago dabil orain bizkaitarra, hainbeste maite duen jokoa banatzeko lanetan murgilduta, puntuak nork sartu baduelako alboan.

NCAAn ere zure bizitokiaren berri «Gernika-Lumo; Basque Country» jarrarazi zenien CBUko webgunean zure profila egiten zutenei. Zer moduz Lugon bigarren urtea?

Lugon oso ondo! Zer ikusi asko duen erdigunea duen hiri txiki bat da, eta oso ondo, batez ere iazko urtean egokitzeari ekin ondoren. Kalifornian, bai, han ere kostatu zitzaidan hara egitea, baina etxean bezala sentitu nintzen azkenean. Eta noski, Euskal Herria zer zen lehenengotik azaldu nien iritsi nintzenean eta, pentsa, Amazon bidez ikurrina ere lortu zuten! [barrez].

Eta kirol arloari dagokionez?

Ondo. Hasierako lau partidak galdu genituen, egia da. Baina Gernika, Estudiantes, Valentzia eta Perfumerias Avenida ziren aurkariak, pentsa! Horrez gain, Emakumeen Ligako talde handienek izan ezik, gehienek aldaketa mordo bat egin ohi ditugu. Gure kasuan, adibidez, iaztik hona lau bat jokalari baino ez gaude errepikatzen dugunak. Gizonen taldeak egonkorragoak dira.

Nire bigarren urtea izatera, erosoago sentitzen naiz. Esan bezala, taldea asko aldatu bada ere, entrenatzailea, Antonio Pernas, iazko bera da; elkar hobeto ezagutzen dugu, jokatzeko modua zehazteko.

0-4 hasi baginen ere, hurrengo bost jardunaldietatik lau eraman genituen [uneotan 6-6 da beren balantzea]. Batetik, aurkariak ez ziren hasieran bezain gogorrak eta. bestetik, taldea bera ere elkarrekin jokatzen ohitzen joan da. NCAAko ibilbidea amaitu nuenean, nire agenteak aipatu zidan bazegoela Lugon jokatzeko aukera, jende gazte asko fitxatzen ari zirelako eta minutuak izan nitzakeelako. Hori zen nire helburua, behin saskibaloi «profesionalera» saltoa ematen hasita: minutuak izatea eta ikasten joatea lehenengo momentutik. Uste dut asmatu dudala.

«Liberal Arts» delakoetan unibertsitateko lizentziatura lortu zenuen. Eta ikasle fina ere bazinela erakutsi zenuen, partidako 35 minutu jokatuta. Langile saiatu izate horrek balio dizu, orain jokalari profesional zarela?

Haurren Irakaskuntzara zuzenduta daude nire ikasketak eta hemen ari gara orain, ikasketak balioztatzeko ministerioarekin borrokan [barrez]. AEBetan hemen baino erraztasun askoz handiagoak jartzen dizkiote kirolariari, ikasketak eta kirola uztartzeko.

Eta, bestalde, profesionala izan aurretik profesionaltasuna lantzen erakutsi dit, helburuak lortzeko egin behar den lanaz jabetzen naizelako. Esan behar, zorte apur bat izan nuela CBU-ra iritsi nintzenean. Antolatzaile titularra zena graduatu berria zen eta entrenatzaileak antolatzaile titular bat behar zuen. Hainbat ikusi gintuen, eta nire jokoa gustatu zitzaion gehien. Asko esaten da hemengo jokoa taktikoagoa dela eta taldeari gehiago begiratzen diola, eta egia da neurri batean. Nire lehenengo begirada taldekidea bilatzekoa da.

Era berean, jokalari ia bakoitzarentzat entrenatzaile pertsonalizatu bat dago han, eta, gimnasioko lanaz gain, errekurtso tekniko pila bat ikasten joateko modua ere egin nuen bost urte horietan.

2016an debuta egin zenuen Lointek Gernikarekin, oraindik 17 urte bete gabe. Orain 24 urte dituzu. Asko aldatu da Ane ordutik hona?

Gernikan jokatzea niretzat beti izango da berezia, eta aurten ere denboraldia hantxe hasi genuen. Ni beti izango naiz Malosten hazi zen neskato hura eta, era berean, 2016ko urtarrilaren 7an galdu bagenuen ere, nire debuteko eguna ez zait sekula ahaztuko. Esperientzia hura nirekin eramango dut beti. Baina bai dudala gogoan jokatu nituen 11 minutu haiek nire bizitzako luzeenak izan zirela! [barre algara]. Exijentzia fisikoa handikoa zen Emakumeen Liga eta, noski, artean heldu gabe nengoen. NCAAn egin ditudan urteetan fisikoki asko hobetu dut.

Esaterako, Kalifornian nengoela, eta gure unibertsitatea txikia da, egunero 45 minutuz pesak egiten genituen. Horrez gain, noiznahi joan gintezkeen edo gimnasiora edo kantxako entrenamendua egitera, prestatzaile indibidual batekin.

Unibertsitatean zenbiltzala, uztaipean jokaldiak egiten ikusten zaitugu, eta ezkertia izanda ere, eskuinez barneraldi asko amaitzen. Han ikasitako trikimailuak dira?

Esan bezala, teknika indibiduala asko lantzen da han, eta halako trikimailuak han erabiltzen hasi nintzen, neurri handi baten fisikoki garatzen joan ahala. Hau da, ez naiz «tanketa» bat baina, 1,63 metro neurtu arren, jokalari sendoa naiz. Saskira indartsu sartuz gero, badakit abantaila atera dezakedala.

Ezkertia izatearen kontu hori, berriz, hemen ikasitakoa da. [Barrez hasi da] Saskibaloian jolasten hasi nintzenean, nire aurreneko entrenatzailea bera zen ezkertia eta, imitazioz, ni ere ezkerrez hasi nintzen baloiari boteak ematen, saskira jaurtitzen... Bestela, idazteko edo edozertarako, eskuina erabiltzen dut... Abantailatxo bat [barre algara].

Emakumeen Liga oraindik ez da profesionala [hitzarmena elkarrizketa hau egin eta gutxira sinatu zuten Jokalarien Sindikatuak, Kluben Elkarteak eta Federazioak]. Eta asko nabarmentzen da staff teknikoa AEBetan baino murritzagoa dela eta entrenamendu indibidualerako baliabide askoz gutxiago dituztela.

Bestalde, taldekideak baditut orain unibertsitate ikasketak burutzen ari direnak, baina nik izan nituenak baino askoz zailtasun handiagoak dauzkate bidean. Badirudi Emakumeen Saskibaloi Ligak, futbolekoak bezala, profesional izateko bidea egin nahi duela; baina falta du oraindik.

Helburu konkreturik baduzu zeuk, edo taldeak?

Erronka polita jarri digu ligak hasiera hain zailarekin. Gure helburua ez da besterik, hazten segitzea eta ahalik goren iristea baino. Jende gaztea gara eta hazteko asko geratzen zaigu. Noraino? Ikusiko dugu bidean. Eta ni ere, berdin. Liga honek asko motibatzen nau eta Lugon oso gustura nago hazten jarraitzeko.