Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Nora joan nahi dugu tokiko komunikabiderik gabe?

Herriko komunikabideekin nahikoa saltsa izaten dugu. Gure bailarakoak, esaterako, “Akatsak zuzentzen” atala du, tartekako deskuiduen berri emateko: «Abenduaren 20ko alean olentzeroa arratsaldeko 15.00etan Plaza Berritik aterako zela esan genuen, baina 15.45ean aterako da Apeaderotik». Tarteka zuzentzeko aukera izaten da, eta besteetan ez. Santa Barbarako jaien harira albiste bat plazaratu zen, halako ordutan hasiko zela festa, lore eskaintza eta omenaldia betiko orduan, herri-kiroletan halako eta holako eta bertsotan Ander Bengoetxea, Iñaki Perez eta Jon Ortiz. Heldu zen festa eguna eta bertsolarietan Ander eta Iñaki bakarrik ageri. Hirugarrenaren berririk ez. Mugikorrera deitu eta ezer ez. Hura garaiz kanpo ibiltzea harritzekoa zela eta, larrixeago, etxera deitu eta emazteak erantzun zuen, goizean “Kronika” irakurri zuela eta, gizonak bere izenik ikusi ez zuenez, egitarautik kanpo utzi zutela iruditu zitzaiola, eta mendira joana zela egun pasa. Bertsolariak Antton Astiz izena zuen. Komunikabide txikia da gurea, baina ez eskasa. Duela hamar bat urte, Zarautzen-edo, agertu zen kaxalote bat, eta Donostiako Aquariumeko zuzendaritzak lurperatzea erabaki zuen, gerora hezurrak garbi atera asmoz. Ikusmira sortu zuen kontua izan arren, diskrezioz eraman zen kasua. “Diario Vasco”-k argitaratu zuena izan zen animalia Hernani inguruan lurperatu zela, ezin zela besterik jakin. “Kronika”-ren titularra, bizilagunen baten bidez, askoz ere zehatzagoa izan zen: “Balea Intsusadin dago”.

Herriko komunikabideekin nahikoa saltsa izaten dugu, baina, ez dut imajinatu nahi horiek ez dauden eszenatoki bat. Inguruko berri bertatik bertara jasotzea, egunkari handietan kabitzen ez diren notiziak irakurtzea, non eta nor dagoen jakitea... horri esker ere bada euskalduntzeko eta herria egiteko tresna egokia. “Aiurri” astekariari laguntza murriztu dio Urnietako Udalak, eta herritar eta eragile mordoa bildu eta aktibatu dira mespretxua salatzeko. Gure komunikabideei guk ez beste inork ez die barrerik egingo.