Jon ORMAZABAL
PILOTA

Altuna-Martijak erabat estutu dute sailkapenaren beheko aldea Tolosan

Mariezkurrenak atzeko koadroetan irekitako zuloei etekina aterata, Erik Jakak sekulako erremate erakustaldia eman zuen Barañainen. Baikokoak sailkapenaren lehen postuan dira, jarraian hirugarren partida galdu duten Elordi-Rezustari irabazita.

Jokin Altunak ez zuen egunik distiratsuena izan, baina aurkariek eduki ez zuten sendotasuna izan zuen jokoan.
Jokin Altunak ez zuen egunik distiratsuena izan, baina aurkariek eduki ez zuten sendotasuna izan zuen jokoan. (Jon URBE | FOKU)

Binakakoaren azken postuari ihes egiteko borroka inoiz baino beroago dago, Altuna-Martijak Artola-Martijaren aurka lortutako garaipenarekin (22-13) lau bikote baitaude bina punturekin sailkapeneko azken postuetan. Goiko aldetik ere gauzak are gehiago estutzeko modua zuten Elordi eta Rezustak Barañainen, baina ezin izan zuten Jaka-Mariezkurrenarekin, eta Baikokoek berretsi zuten bi lehenen artean amaitzeko hautagai nagusienetako batzuk direla.

Ikusmina handia zen atzo sarrera guztiak amaitu ziren Tolosako Beotibarren, baina partidak ez zion sortutako ikusnahi horri erantzun. Partida distiratsurik jokatu gabe, aurkariak baino askoz sendoago aritzea nahikoa izan zuten 2022ko txapeldunek, euren egunik onena izan ez zuten Artola-Imazi nagusitzeko.

Eta hori, Alegiako aurrelari ausart batekin, Baikokoak 0-3 aurreratu zirela markagailuan. Elkarrekin jokatzen duten hirugarren partida zuten Altunak eta Martijak eta, elkar oso ondo ezagutzen duten arren, jakina da osatze bidean den bikote bat dela.

Altunaren itzulerak on egin dio Etxeberriko atzelariari, eskuinez pilota gozatzen hasi da, eta ohikoa duen sendotasuna berreskuratzen. Berez, ezaugarri bertsuko atzelari bat zuen parean, baina Ander Imazek ez zuen atzo ohikoa duen sendotasunik erakutsi. Partida hasiera samarrean pare bat sake utzi zituen eraman gabe, ezkerrez ere huts pare bat egin zituen eta konfiantzarik gabe aritu zen hortik aurrera. Aspekoek hor hartu zuten, 8-0ko partzial batekin, euren aldeko lehen tarte handia (11-4), nahiz eta Jokin Altunak 6-4koan egin zuen lehen tantoa jokoan, pilota baztertuz.

Amezketarra ere txapelketari tamaina hartzen ari da poliki-poliki. Fresko eta batez ere pilota gosez sumatzen dugu, baina errematearen bila joaterakoan konfiantza apur bat falta du. 13-8koan, esate baterako, aukera-aukerako sake-erremate batean kale nabarmen bat egin zuen, eta hortxe etorri ziren Aspekoen unerik larrienak. Euren pilota jokoan jarrita etorri ziren Ander Imazen partidako unerik onenak, eta galduta zirudien partida orekatzea lortu zuten, Artolaren sake-erremate batean markagailua 13-11 ekarrita. Martijaren eskapada batekin eten zuten Aspekoek gipuzkoarren bolada ona eta hortxe amaitu zen dena.

Sasoi hobeago edo okerragoarekin, Altunari sekula hutsik egiten ez diona sena da; Artolaren aukerako bi erremateetan txintxarriak pilota jotzerako amezketarra pilota botako zuen leku horretan zegoen eta kontraerasora bi tanto egin zizkion. Partida hasiera txukuna baino gehiago egiten ari zen alegiarraren konfiantza hor bukatu zen, eta 2022ko txapeldunek erraz antzera lortu zuten puntu gris bezain ezinbestekoa.

JAKAK 16 TANTO

Barañainen markagailuan dezenteko gorabeherak izan ziren arren, batez ere lehen erdian, 11-11 ere joan baitziren, Jakak eta Mariezkurrenak jokoan erabateko nagusitasunarekin irabazi zieten jarraian euren hirugarren partida galdu zuten Elordi eta Rezustari (22-12).

Mariezkurrenak atzean erraz erakutsi zion bizkarra Rezustari. Lizartzarrak etekin atera zion nagusitasun horri, era guztietako tantoak lortuz, denera 16. Euren akatsekin, Baikokoak izan ziren Aspekoak partidan sartu zituztenak, baina erabat haiena izan zen jokoaren nagusitasuna.