Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Costello jokatzeko dagoela, Euroligako goialdean finkatu nahi du Baskoniak

Gasteiztarrak sailkapen nagusiko bederatzigarren tokian daude, beste bost talderekin batera, 9-7 balantzearekin berdinduta.

Armani Milano, gaurko aurkaria, hamalaugarrena da, sei garaipenekin soilik, baina «pazientzia» beharko dela dio Ivanovicek.

Maik Kotsar, Milanoren aurka, uztaipean nagusi.
Maik Kotsar, Milanoren aurka, uztaipean nagusi. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ez da gauza bera Euroligako Fase Erregularreko aurreneko itzulia 9 edo 10 garaipenekin amaitzea. Egia da, bai, oraindik bigarren buelta osoa falta dela eta zernahi gerta litekeela, baina Saski Baskoniarentzat, aurreneko postuetan iltzatuta jarraitzeko, hobe da gaur 20.30ean Armani Milanoren kantxan irabaztea.

Gasteiztarrak Euroligako bederatzigarren sailkatuak dira, 9-7 balantzearekin. Iaz aurreneko buelta 11 garaipenekin bukatu zuten arabarrek, baina lehenengo erdia iaz baino garaipen bat edo bi gutxiagorekin amaitzea baino garrantzitsuagoa da aurreneko postuetara gerturatzen den multzoan izatea.

Izan ere, Real Madril, Bartzelona eta Virtus Boloniaren atzetik sekulako talde pila dago Baskoniarekin berdinduta. Monako laugarren doa sailkapenean, eta Maccabi hamargarrena da, eta tartean, hurrenez hurren, Partizan, Fenerbahçe eta Valentzia Basket aurkituko ditu Dusko Ivanovicen taldeak aurretik. Eta atzean, aurrekoek noiz hanka sartuko zain, Olynpiacos, 8-8, balantzea aldea, eta Municheko Bayern eta Anadolu Efes gero, zazpina garaipenekin.

Talde ahalik indartsuena beharko du Saski Baskoniak, beraz, Mediolanum Forum pabiloian irabazi nahi badu. Horregatik, albiste oso ona da Matt Costello jokatzeko moduan izatea, nahiz eta ziurrenik ez den topera izango, hiru astez geldirik egon eta gero, orkatila minduta.

ETXEAN OTSO

Gaur gaueko partidari begira, Maodo Lo, Nikola Mirotic taldeko izar nagusia eta Giampaolo Ricci ez dira jokatzeko moduan izango arazo fisikoen erruz. Ezingo du Shabazz Napier antolatzaileak ere jokatu.

Izar Gorriarekikoak egin eta gero, Milanora itzuli da Puerto Ricoko antolatzailea, baina Euroligako Fase Erregularreko bigarren itzulia hasi arte itxaron behar du, Ettore Messinaren aginduetara jarri eta Lonbardian bigarren aroa ekiteko.

Alabaina, Armani Milano etxean da otso, nonbait izatekotan. Orain arte sei garaipen baino ez ditu pilatu, eta hamalaugarren postuan daude Lonbardiakoak, Izar Gorria, Zalgiris, Alba Berlin eta Asvel Villeurbannen aurretik soilik.

Etxean eta kanpoan zortzina partida jokatu ditu eta etxean 4-4 balantzea darama Milanok, eta 2-6 Mediolanum Forumetik at. Baskoniak, aldiz, etxetik kanpo zazpi neurketa jokatu eta bost irabazi ditu, joan zen astean Istanbulen Efesi gailendu ondoren.

Beraz, ohikoa duen diskurtsotik aldendu gabe, adi egoteko eskatu zuen atzo Dusko Ivanovicek, Milanoko partidari ekin bezperan. Eta gauza guztien gainetik, «fedea galdu gabe eta pazientziaz» jokatzea eskatu zuen Montenegroko entrenatzaileak.

Ez baita urrunegi joan behar, Armani Milanoren aurka porrota aurkitzeko. Joan den urtarrilaren 31n 89-83 nagusitu ziren Ettore Messinarenak. Orduko hartan Shavon Shields min hartuta zegoen, baina Johannes Voigtmann eta Luwawu-Cabarrot jokalarien bitartez Milanoko taldea Saski Baskonia baino hobea izan zen.



Ettore Messina, aura galdu duen entrenatzailea

Makina bat urte pasatu dira Ettore Messina Saski Baskoniak «etsai» bihurtu zuenetik. Kinder Bolonia edo Moskuko CSKA entrenatzen zituen garaiko aurarik ez dauka dagoeneko Cataniakoak, ezta garai haietan, duela pare bat hamarkada, erakutsi ohi zuen pazientzia eta lasaitasunik ere.

Kazetariei erantzun txarrak, errespetu faltaz inoiz -Gasteizen bertan adibiderik traketsenak-; itzultzaileekin ere berdin -Zurbaon hau ere-, edo arerioen entrenatzaileekin -Andrea Trinchieri erkidearekin duela pare bat urte ikuskizun triste askoa eman zuen-, edo bere aginduetara izan den jokalariren batekin -Kevin Pangos antolatzailearekin, adibidez-.

Zahartzean berriro ume bihurtzen omen da jendea, esaerak dioenez, eta eredu garbia da Cataniako entrenatzailea.

Armani familiak Ettore Messina fitxatu zuenean, Italiako ligan berrindartzeko xedez fitxatu zuen. Zentzu horretan, Ettore Messinaren lana bikaina da, bai entrenatzaile postuan, bai eta kirol zuzendari lanetan ere.

Euroligakoa, ordea, beste kontu bat da. Egia da 2021eko Final Fourra zapaldu zutela, baina hamarretik zortzitan ez dira onenen arteko lehian murgilduta egon, aurrekontuak eta izenak aintzat hartuta goian beharko lukeen taldea izan arren. Aurten ere, fitxaketak fitxaketa eta dirutzak dirutza, Euroligako sei onenen artetik urruti geratuko direla dirudi. A. G.