GARA
GASTEIZ

Urte berrian, «aurrerapen errealak» nahi dituzte Martxoaren 3ko biktimek

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak 25 urte egingo ditu 2024an, eta adierazi zuen iristear den urtea «benetako aurrerapenena» izan behar dela Gasteizko San Frantzisko elizan Oroimen Espazioa sortzeko. Instituzioen eta memoriaren aldeko elkarteen arteko «gogoeta partekatua» behar dela azpimarratu zuen.

2023ko martxoaren 3an Gasteizen eginiko manifestazioa, 1976an gertatutakoa salatu eta memoria aldarrikatzeko.
2023ko martxoaren 3an Gasteizen eginiko manifestazioa, 1976an gertatutakoa salatu eta memoria aldarrikatzeko. (Raul BOGAJO | FOKU)

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak aldarrikatu zuen 2024ak «benetako aurrerapenen» urtea izan behar duela Gasteizko San Frantzisko elizan Oroimen Espazioa sortzeko. Bertan, Zaramaga auzoan, Polizia Armatuak bost langile hil zituen 1976an.

Atzo prentsari igorritako ohar batean, elkarte honek nabarmendu zuen, gainera, 2026an gertaera horien 50. urteurrena beteko dela, eta data horrek «gogoeta partekatua» merezi duela iritzi dio, Oroimen Espazioa bultzatzeko konpromisoa publikoki adierazi zuten instituzioen eta hainbat hamarkadatan oroimena «bizirik» mantentzeko lana egin duten gizarte-eragileen artean. Lakua, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala ari dira zentroa sortzeko lanetan, baina atzerapen handiarekin eta, zenbaitetan, adostutakoa bete gabe.

«Denbora luzeegian prozesua geldituta izan ondoren, 2024ak benetako aurrerapenen urtea izan behar du langileen sarraskiaren eszenatoki izan zen elizan Memoriaren Gunea sortzeko», agertu zuen elkarteak.

25 URTE

Laster mende erdia beteko du 1976ko martxoaren 3ko sarraskiak; bada, hastear den urtean 25 urte egingo ditu 1999an sortu zen Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak. Urtemuga horri erronka berriekin erantzun asmo dio taldeak, eta jakinarazi zuen hainbat ikertzailerekin harremanetan jarri direla jadanik, «martxoaren 3ko memoria-ondarea berreskuratzeko eta babesteko lanak egingo dituen talde tekniko bat osatzeko, baita artxiboak dokumentuz husteko ere». Lantalde horrek Gogora Institutuarekin lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren hasiko du bere jarduera eta, beraz, 2024ko lehen asteetan martxan jartzea espero dute.

Inoiz baino biziago daude, gainera, Martxoak 3ko Biktimen Elkartearen aldarrikapenak: 2023an, elkarte honek antolatutako jardueretan inoiz baino herritar gehiagok parte hartu du, elkartetik nabarmendu zutenez.

1976ko martxoaren 3 hartan, Francisco Aznar Clemente (17 urte), Romualdo Barroso Chaparro (19 urte), Pedro Mari Martinez Ocio (27 urte), Jose Castillo Garcia (32 urte) eta Bienvenido Pereda Moral (30 urte) hil zituen Poliziak, eta elkarteak gogora ekarri zuen 2023an Faustina Chaparro eta Diego Aznar hil direla, Barrosoren eta Aznarren ama eta aita, hurrenez hurren.

«Ez dira azken urteotan joan zaizkigun martxoaren 3ko protagonista zuzen bakarrak. Denborak gure kontra jokatzen du. Horregatik, premiazkoa da martxoaren 3ko memoria-ondare osoa dokumentatzeko lehentasunak eta metodologiak ezartzea», ohartarazi zuen.