GARA
DONOSTIA

Basque Culinaryren Manteoko proiektuari buruzko galdeketa egin dute herritarrek

SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak deituta, «erreferenduma» egin zuten atzo Donostiako Gros auzoan. Honako galdera egin zieten donostiarrei: Manteo-Zemoria parkea babestu nahi al duzu bigarren Basque Culinary Center bat eraikitzearen aurrean? Internet bidez bozkatzeko aukera ere zabaldu dute, gaur gauerdira arte.

Ilara luzeak sortu ziren bozketan, eta boto paperik gabe ere geratu ziren.
Ilara luzeak sortu ziren bozketan, eta boto paperik gabe ere geratu ziren. (Jon URBE | FOKU)

Erakundeek egin ez dutenari ekinez, SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak iritzia galdetu zieten atzo herritarrei Basque Culinary Centerrek Donostiako Grosen egin nahi duen egoitzari buruz. Manteo eta Zemoriako parke publikoak zein etorkizun izatea nahi duten erantzuteko aukera izan zuten gisa horretan. Eguerditik hirurak arte hautetsontziak jarri zituzten Okendo kultur etxean eta Nafarroa Beherea plazan. Antolatzaileak pozarren zeuden, 1.500 lagun baino gehiagok botoa eman baitzuten. Ilara luzeak sortu ziren, eta boto paperik gabe geratu ziren.

Jakinik nahi zuten guztiek ezingo zutela bertara hurbildu, internet bidez bozkatzeko aukera ere zabaldu dute, gaur gauerdira arte, honako helbidean: http://labur.eus/manteo. Donostiarrez harago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. «Denoi eragiten digu, denona den diruarekin ordainduko baita».

Basque Culinary Centerrek EAJren eta PSEren babesarekin Manteon egin nahi duen proiektuaz datu batzuk eman zituzten: «28 milioi euroko kostua du, eta horietatik 26 milioi guztion artean ordainduko ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Donostiako Udalak 60 milioi euroko balioa duen lursail publiko baten lagapenari esker ahalbidetu da egitasmoa».

Horrez gain, «Groseko berdegune bakarrenetakoaren suntsipena eta bertan dauden 50 urtetik gorako ehun zuhaitzen mozketa ekarriko du». Hori gutxi ez balitz bezala, proiektua aztertzen ari dira orain «orubean amiantoa eta bestelako kutsagaiak egon daitezkeelako».

DONOSTIAKO UDALAREN UKOA

SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak salatu dutenez, Donostiako «Udal Gobernuak beti uko egin izan dio gai honen inguruan donostiarren galderei eta eskariei erantzuteari».

Hori dela-eta, beraiek pausoa eman zuten, erreferenduma antolatu eta galdera egiteko: «Manteo-Zemoria parkea babestu nahi al duzu bigarren Basque Culinary Center bat eraikitzearen aurrean?».