EDITORIALA

30 urte igarota, Chiapasek mapan segitzen du

Atzo Chiapasko indigenen erreboltaren urteurrena gogoratzeko ekitaldi bat egin zuten Mexikoko estatu horretan. «Lurra eta Askatasuna» aldarrikapenaren pean, beste borroka-agertoki baten berri izan zuen munduak duela 30 urteko atzoko egunez. Lurra eta askatasuna, Emiliano Zapataren eta mexikar iraultzaileen leloa erabili zuten 1994ko Urteberri egun hartan, joan den mendeko bigarren hamarraldiko lider iraultzailearen borroka bizirik zegoela munduari jakinarazteko, Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna indarrean ezarri zuten egun berean. Hain zuzen ere, NAIZek atzo abiatu zuen “Artefaktua”-n gogoratu zuen Ramon Solak egun hartan hasitako matxinada. Bere kronikan dioen bezala, munduko informazio mapan agerrarazi zuten Chiapas.

Gaur, haren gaineko elkarrizketa jakingarria dago irakurgai orrialdeotan. Jose Cordero Guevara sendagile mexikar eta Euskal Herriko bizilagunak bertatik bertara ezagutu zuen Chiapasko matxinada hasieratik. Hango indigenen egoera berez kaskarrak okerrera egin zuen 80ko hamarraldiaren amaieran, Carlos Salinas de Gortari presidenteak bultzatu zuen politika neoliberalagoaren erruz. Hura izan zen ondoeza matxinada bihurtu zuen faktorea. Cordero Guevarak dioenez, herri indigenen errealitatea ezagutarazi zuen altxamendu hark, eta hortik harago, «herrien duintasunaren aldeko borroka erreskatatu zuten: naturarekiko errespetuan oinarritutako bizimodua eta oro har neoliberalismoaren goranzko joeraren ondorioz galduz zihoazen ideiak» eta balioak.

Neoliberalismoak, bere aldaera guztietan, armaden, estatuen laguntzarekin herriak azpiratzeko egiten duen ahalegin etengabearen beste erakusgarri bat da Chiapasko gatazka. Baina altxamendu hark badu beste alde bat, itxaropentsuagoa. 30 urte joan dira eta komunitate zapatista autogestionatuek garaian garaiko egoerara moldatuz eusten diete beren balioei eta aldarrikapenei. Ez dute bide erraza, ordea; izan ere, iaz paramilitarren zenbait eraso jasan zituzten eta arlo sozioekonomikoan ere haien zailtasunak ez dira gutxi. Hala ere, 30 urte igarota, Chiapasek mapan segitzen du.