GARA
IRUÑEA

Euria eta elurra izango dira asteburuko protagonistak

Negu giro bete-betean amaituko dira Gabon egunak. Atzo arratsaldetik aurrera kaxkartu zen eguraldia, eta okerrera egingo du gaurko egunean zehar: Kantauriar isurialdean etengabekoa izango da euria. Elur maila 700-800 metroren bueltan izango da asteburuan.

Aterkiak beharrezkoak izango dira.
Aterkiak beharrezkoak izango dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kantauriar isurialdean eta ekialdean euriak ez du atsedenik emango datozen orduetan. Ipar-mendebaldeko haizea sartu zen ostiral arratsaldean eta lurraldean euri zaparradak zabaldu ziren eguerditik aurrera. Horrez gain, tenperaturak hoztu egingo dira datozen orduetan eta horrekin batera, elur-maila jaitsiko da, Iker Ibarluzeak atzo NAIZ Irratian azaldu zuen moduan.

800 metrotik gora elurtuko du, Ibarluzearen esanetan, eta batez ere 1.000 metrotik gorako mendikateetan elur dezente pilatuko da asteburu osoan zehar.

500 metrora iristen ez den Iruñea bezalako hiri batean ere Elurteetan Jarduteko Plana aurrez aktibatu dute.

Lakuak ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoan igandera arte luzatu du abisu horia, 1.000 metrotik beherako elur arriskuarengatik.

Atzo abiatutako joera mantendu egingo da gaur eta bihar. Larunbat honetan okerrera egingo du eguraldiak. Euria etengabekoa izango da Kantauriar isurialdean. Lakuak euriteengatik abisu horia ezarri du gaurko eguerdira bitarte. Elur maila 700 metroren bueltan izango da eta elurra pilatzen jarraituko du. Ekialdean airea hotzagoa izango da, gainera, eta, euria etengabekoa izango denez, Ibarluzeak ez du baztertzen Gipuzkoa ekialdean eta Nafarroa iparraldean, Pirinio inguruan, elur-maila 500-600 metrotara jaistea.

Igandean, haizea ipar-ekialdean finkatuko da eta Nafarroa ekialdean eta hegoaldean atertzera joko du. Euria Kantauriar isurialdean eta bereziki mendebaldean mantenduko da. Elur maila 600 metro inguruan izango dela aurreikusten da. Beraz, elurra ez da beheko mailetara jaitsiko datozen orduetan, baina 700-800 metrotik gora elurra pilatzea espero du Ibarluzeak.

HOTZ GEHIAGO

Astelehenean gehiago hoztuko du, elur maila 400-500 metrotara jaitsiz. Baina prezipitazio oso gutxi espero da asteburua igarotakoan. Asteartean, berriz, aire masa are hotzagoa sartuko da Euskal Herrian. Hotz handiko eguna izango da, zero azpiko tenperaturekin puntu askotan. Hortik aurrera «lasaitzeko» joera izango du eguraldiak.

Eguraldiaren inguruko aurreikuspen≠ zehatza eta eguneratua NAIZen atari berezian topa daiteke.