EDITORIALA

Kanporatze sistema bideraezin eta gizagabea

Estatu frantseseko Kontu Auzitegiak zalantzan jarri du egoera araugabean dauden pertsonak kanporatzeko sistema. Haren txosten baten arabera, kanporatze politikak kostu handia du, eta eraginkortasun txikia. Kanporatze agindu kopuru oso handia dago, eta agindu horien ehuneko txiki bat baino ez da betetzen, besteak beste, Prefekturako zerbitzuen «buxadura» eta kasu askotan migratzaileen jatorrizko herrialdeen blokeoa direla eta. Kontu Auzitegiak argi eta garbi esan du «ameskeria» dela, Gobernuaren propaganda gorabehera, kanporatze aginduen %100 gauzatzeko helburua.

Zentristen, kontserbadoreen eta ultraeskuindarren botoekin Asanblea Nazionalak «legez kanpoko immigrazioaren aurkako legea» onartu berritan argitaratu da txostena. Lege berriak, Konstituzio Kontseiluaren azterketaren zain, Estatu frantsesean modu irregularrean egotea delitutzat jotzen du, egoera hori gaur egun, eta duela 40 urtetik, falta administratiboa den arren. Kontu Auzitegiak ez du zalantzan jartzen kanporatze prozedura abiatzea «ordena publikoaren aurkako mehatxuagatik»; hala ere, lege berriaren arabera, askoz gehiago izango dira «mehatxu» horiek. Kontu Auzitegiaren ustez, Gobernuak hobeto antolatu behar luke migratzaileen birbidaltzea, eta borondatezko itzulerak susta litzakeela iradokitzen du, beren herrialdera itzultzen diren pertsonek pizgarri gisa jasotzen duten diru kopurua gutxiago da-eta kanporatze behartuaren dispositiboetan erabilitakoa baino.

Nolanahi ere, diru kopuruen eta kanporatzeen inguruko zenbakien atzean, errefuxiatuen eta migratzaileen aldeko elkarteek diotenez, eskubide urraketa nabarmena dago, lege berriak larriagotu egingo duena. Izan ere, besteak beste, kanporatzearen aurkako helegitea aurkezteko eta adin txikikoak naturalizatzeko aukera murriztuko du. Kanporatze sistema gizagabea eta bidegabea da, ultraeskuinaren gezurren gainean eraikitako diskurtsoaren araberakoa eta, gainera, ez da bideragarria. Gobernuak ez al zekien? Ultraeskuinaren demagogiari eta sustatzen dituen giza bultzadarik zitalenei aurre egiteko, hark aldarrikatzen dituen politikak egitea da larriena.