Andoni ARABAOLAZA
PATAGONIA

El Chalteneko mendiguneetan lehen eskalada printzak iritsi dira

Nieves Gilek eta Lucia Guichotek Fitz Royko «Supercanaleta» bidea igo dute, eta gailur beretik Maxime Richardek parapentearekin hegan egin du. Pedro eta Tomas Odell anaia gazteek, berriz, Cerro Torre eskalatu dute.

Fitz Royra hurbiltzen; denera, 1.600 metroko marra bat igo zuten.
Fitz Royra hurbiltzen; denera, 1.600 metroko marra bat igo zuten. (Lucia GUICHOT)

Ohi bezala, Patagoniako El Chalten herriak abendutik aurrera makina bat eskalatzaile jasotzen ditu. Ohiko denboraldiaren hasiera da, eta uda australak eskaintzen dituen leiho txiki eta urriak ondo aprobetxatzen saiatzen dira. Horietako bat heltzen denean, inguru hartako mendiguneetan dauden hormek eta erpinek nolabaiteko “setio” egoera bizi dute.

Denboraldi berriaren hasieran, klimak zirrikitu gutxi batzuk utzi ditu jarduerak egin ahal izateko. Nieves Gil eta Lucia Guichot espainiarrek, adibidez, bidaia berezia egin dute Cerro Chalten edo Fitz Royn. Duela urtebete mendiaren oinarrian hil zen Amaia Agirre kidea gogoan izan dute. Horretarako, “Supercanaleta” bidea eskalatu dute. Hori egiten bigarren sokada femeninoa izan da. Fitz Royko tontorretik bertatik Maxime Richard frantziarrak parapentearekin hegan egin zuen. Eta kronikaren zirkulua ixteko, El Chalteneko bi gaztek, Pedro (17 urte) eta Tomas (19) Odell anaiek, Cerro Torre hego-ekialdeko ertzetik igo dute.

Bi emakumezko alpinisten jarduerari dagokionez, aipatu behar da elkarrekin asko eskalatu dutela. Espainiako Eskalada eta Mendi Kirolen Federazioak antolatuko alpinismo taldeko kideak izan dira. Gilek esan duenez, joan den urterako xede handi bat prestatu nahi zuten: «Udako eta udazkeneko bidaiak alde batera utzi genituen. Ondoren, oporretan ginenez, Patagoniara bidaiatzea erabaki genuen. Berez, ez zen gure asmoa izan, Oriol Barok bultzatu gintuen. Lehen aldia izan dugu Patagonian, eta Oriolek oso ondo ezagutzen du».

Nahiz eta sokada horrek Fitz Royko “Supercanaleta” igo duen, Guichotek kontatu du lehenik eta behin Txileko Patagonian izan zirela. Besteak beste, Cerro Castillo zen xedeetako bat. Baina, ondoren, Baro katalanarekin batera, alpinistok Cerro San Valentineko glaziarra aztertzen jardun ziren: «Mendi horren iparraldeko isuria esploratu genuen. Egun batzuetara, berriz, Nicolas Tapiak, Martin Eliasek eta Oriolek berak Cerro San Valentineko iparraldeko ertza eskalatu zuten. Nieves eta biok ingurumari hartako hainbat mendi igotzen saiatu ginen. Leiho on gutxi izan genituen. Esperientzia horren ondoren, barometroak sei eguneko eguraldi egonkorra iragarri zuen. Eta ez genuen zalantzarik izan: El Chalten zen gure hurrengo geltokia».

Herri horretara heldu bezain laster, informazioa biltzeaz gain, hainbat eskalatzaileri aholkuak eskatu zizkioten erpinen bati ekin ahal izateko. Azkenean, “Supercanaleta” marraren aldeko apustua egin zuten. Eta, bederen, bide horretan zortea izan zuten; hots, eguraldia lagun izan zuten: «Fitz Roy oso zirraragarria da; ergel aurpegia geratzen zaizu mendi hori lehen aldiz ikustean. Cerro Torre edo Fitz Roy igotzea zen geure helburu nagusia. Alpeetan dagoen kide argentinar batek ‘Supercanaleta’-ri buruz hitz egin zigun. Esaten zuen oso alpinoa dela, batez ere garai horretan izotzaren eta elurraren baldintzak egokiak direla».

Bide klasiko hori 1965. urtean igo zen lehen aldiz; Carlos Comesañak eta Jose Luis Fonrougek egin zuten. Eskalatzaile madrildarrak dio oso dotorea dela: «Inguru hartako gailur garaiena da, eta marra horren zeharkaldia egitea xede oso interesgarria iruditu zitzaigun. Mendebaldeko isurialdetik igo eta ekialdetik jaitsi ginen. 1.600 metroko bide horrek denetarik du: mistoa, arroka, izotza… Alpinismoa praktikatzeko leku ederra da».

Bizkar-zakuak antolatu eta estrategia zehaztu ondoren, hurbilketa bidea bi egunetan egin zuten: «Batez ere, gauean altxatzen den haizea saihesteko. Bitartean, bidea eta balizko luiziak aztertzen aritu ginen. Ezusteko ederra hartu genuen; izan ere, paretatik ez zen ezer erortzen. Bakar-bakarrik geunden. Hori pribilegio bat da, baina, era berean, ardura biderkatzen da. Horretaz gain, azken hilabetean inor ez zen han ibili. Mendizaleen aztarnarik ez zegoen, eta klima perfektuak asko lagundu zigun. Oro har, mendiaren baldintzak onak ziren».

1.600 metroko eskaladari dagokionez, protagonistok diote zailtasunak ez zirela oso gogorrak izan. Erritmo ona eraman zuten, baina bidearen goialdean nekatuta zeuden eta mistoko eta arrokazko luzeak egin aurretik bibaka egin zuten. Zalantzak eta beldurrak piztu ziren. Mendi hauetan erreskateak ez dira batere errazak, eta marra hori rappelatzea ez zegoen alpiniston asmoen artean. Biharamunean, tontorra zapaldu eta ekialdeko isurialdetik jaistea falta zitzaien: «Frantziarren bidetik hogei rappel egin eta beldur handia ematen duen ‘italiarren bretxa’ izenekoa zain genuen. Sekzio horretara goiz iritsi behar da elur gogorrean nolabaiteko segurtasuna izateko. Azkenean, Fitz Roy menditik onik atera ginen».

Gilek eta Guichotek azken esaldi hori azpimarratu dute, besteak beste, alpinismo taldean egon ziren promozio horretan Amaia Agirre ezagutu zutelako, Iker Bilbaorekin justu duela urtebete “Afanassieff” bidea eskalatu eta jaitsi ondoren mendiaren oinarrian zendu zena.

Protagonistok bat datoz alpinista urnietarra gogoratzeko orduan: «Zalantzarik gabe, mendi horretan heriotza oso presente izan dugu. Asko gogoratzen gara Amaiarekin. Nolabait esateko, agur bat izan da han gertatu zitzaiona hobeto ulertzeko. Hasieran, zalantza asko genituen, baina gaiaren inguruan asko hitz egin eta hausnartu ondoren Patagoniara abiatu ginen».

Jarduera honekin amaitzeko, esan behar dugu bi sokada femeninok soilik igo dutela “Supercanaleta”. 2020. urtean, Raphaela Haug, Laura Tienfenthaler eta Babsi Bigl izan ziren lehenak. Bigarrenak eta momentuz azkenak: Gil eta Guichot. Halere, aragoiarrak gai horri ez dio garrantzirik eman nahi izan: «Datu horrek berdin dit. Albert Salvado katalanak gurekin etortzeko asmoa zuen. Bide hori gurekin egin izan balu, gure jarduerak meritu gutxiago izango zukeen? Eskarmentu ederra bizi izan dut, eta horri azpimarra jartzen diot».

GAZTEAK, BIKAIN

Hurrengo bi protagonistak, anaiak izateaz gain, oso gazteak dira: Pedro eta Tomas Odell. Lehenak 17 urte ditu; bigarrenak, berriz, 19. El Chalten dute sorleku eta bizileku, eta, hortaz, mendigune estetiko horien oinetan bizi dira.

Hain zorrotzak diren erpin horietan ezohiko ibilbidea egiten ari dira. Tomas, adibidez, hamahiru urterekin hasi zen lehen eskaladak egiten: Guillaumet, S orratza… Eta hamabostekin Fitz Roy (“Afanassieff” igotzen eskalatzaile gazteena), Saint-Exupery, Rafael Juarez eta Poincenot eskalatu zituen.

Hemeretzirekin, berriz, Pedro anaiarekin soka gerrira lotu eta Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza igo zuen abenduaren 7an. Tomasek baieztatu du esperientzia oso aberatsa izan dela: «Hogeita bost orduko jarduera izan zen, eta biok bat gatoz honako honetan: abentura sinestezina izan da! Anaiak eta biok asko amestu dugu Cerro Torrerekin, eta, azkenean, amets hori egia bihurtu da. Hotz handia egin zigun, eta, gainera, une jakin batean nahastu egin ginen. Zorionez, berriro bidean sartu eta gailurrera iristea lortu genuen».

Bi gazte horiek Cerro Torren egin duten eskalada ezohikoa bada, Maxime Richardek Fitz Royn egin duen jarduera ere ez da maiz ikusten. Hain zuzen ere, alpinista frantziarrak gailur hori zapaldu, parapentearen hegala zabaldu eta salto egin du. Abenduaren 17an izan zen. Hamar egun lehenago Guillaumet orratzaren tontorretik salto eginda hegan egin zuen.

Gogoratu behar dugu El Chaltenen dauden mendiguneetan oso gutxitan ikusten dela parapentearen erabilera. Fitz Royri dagokionez, bi jarduera aipatu behar dira: Matthias eta Michael Pinnek 1988. urtean egin zutena, eta 2020an Pablo Pontorierorena. Eta, jakina, bada beste bat alpinisten komunitatea ahoa bete hortz utzi zuena: Fabian Buhlek duela hiru urte Cerro Torren parapentearekin sinatu zuena.