GARA
ELGOIBAR
KROSA

Lokatz gainean trebeenak izan dira Beatrice Chebet eta Berihu Aregawi

Elgoibarko Mintxeta kirolgunearen inguruko ibilbidean atleta afrikarrak nagusitu ziren, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan. Hotzak, euriak eta lokatzak, ohi bezala, protagonismo berezia izan zuten, lasterketa klasikoenen xarma berreskuratzeko.

Berihu Aregawi, Mintxetako estadioan, garaipena lortzen.
Berihu Aregawi, Mintxetako estadioan, garaipena lortzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Oinak lokatzetan sartuta ibili ziren atletak Mintxeta kirolgune inguruan, itzuli bakoitzean ibilbidea are gogorragoa zela. Alegia, krosaren berezko xarma izan zuen Juan Muguerzaren omenezko Memorialak Elgoibarren, aurten 80. edizioa izan duenak.

Krosaren egutegiko lasterketa prestigiotsuenen artean kokatuta, maila handiko korrikalariak lehiatu ziren atzo; hain zuzen, bi irabazleak azken Munduko Txapelketan lehen lerroan ibilitakoak dira: Beatrice Chebet kenyarra nagusitasunez gailendu zen emakumezkoetan, egungo munduko txapelduna diziplina honetan. Gizonezkoetan, munduko txapeldunorde Berihu Aregawi etiopiarrak irabazi zuen, ibilbide osoan nazioartean aski ezagunak diren korrikalariekin neurtu ostean.

Atleta afrikarren erritmoan jokatu zen txapelketa, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan. Zehatzago, andrazkoen kasuan Kenyak izan zuen protagonismo osoa, podiumeko hiru kosketara atleta kenyarrek igo baitziren. Chebetek pronostiko guztiak bete zituen -bera zen faboritoa-, baina Edinah Jebitok herrikideak -2022ko txapelduna- gogor borrokatzera behartu zuen; alegia, garaipena eskuratzeko izerdi egin behar izan zuela 7,6 kilometroan.

Hasieratik aldeak ireki zituzten hiru kenyarrek -Chebet, Jebitok eta Nawowuna (10.000 metroko Afrikako txapelduna 20 urtez azpikoetan)-, eta Asmerech Anley etiopiarra gai izan zen hasierako kilometroetan horiei gertutik jarraitzeko, lasterketaren erdialdean erorikoa izan zuen arte.

Atzerago, Ingalaterrako hirukoteak jarraitzen zien -Niamh Brown, Sara Astin eta Lauren Hall-, baina kasik ezinezkoa izan zuten afrikarrak harrapatzea; horren adierazgarri, hirugarren sailkatutik minutu eta erdira iritsi zen laugarrena. Lehen hiru sailkatuen artean, ordea, 20 segundo eskaseko aldea egon zen, baina Jebotek eta Nawowuna indarrik gabe geratu ziren Chebetek azken metroetan, Mintxetan sartzeko arrapalan, eginiko erasoari erantzuteko.

AREGAWIREN ERASOA

Gizonezkoetan, bestalde, hiru kilometroren faltan jo zuen eraso erabakigarria Berihu Aregawi etiopiarrak, Elgoibarren bere lehendabiziko garaipena eskuratzeko, 22 urterekin, munduko txapelketan bigarren egin eta kasik urtebetera. Burundiko Rodrigue Kwizera eta Marokoko El Bakkalik osatu zuten podiuma.

Adel Mechaal marokoarrak martxa bat gehiago ezarri zuen lehendabiziko itzulietan eta, lokatzarekin borrokan, Aregawi eta El Bakkaliri kosta egin zitzaien Mechaalen oinatzei jarraitzea. Dena dela, azkenean Katalunian errotutako marokoarra bera izan zen lohiarekin akitzen joan zena eta Ishmael Kipkurui etiopiarrak erreleboa hartu zuen lasterketaren lehen lerroan, atzetik, bere oinatzen itzalean indartsu, Aregawi, Kwizera eta El Bakkalik jarraitzen ziotela.

Hiru kilometroren faltan -orotara, 9,6 kilometroko ibilbidea zen-, erasoa jo zuen Aregawik eta oinkada bakoitzean aldeak irekitzen hasi zen, azkenean helmugara lehen iristearen loria ederki dastatzeko.