Ane URKIRI
Kazetaria
1988

Ezker abertzalea zokoratzea ekarri zuen hitzarmena

Ajuriaeneko Itunaren sinatze ekitaldia; argazkiaren erdian,  ezkerretik laugarrena, Jose Antonio Ardanza (EAJ) eta bere alboan, Txiki Benegas (PSE).
Ajuriaeneko Itunaren sinatze ekitaldia; argazkiaren erdian, ezkerretik laugarrena, Jose Antonio Ardanza (EAJ) eta bere alboan, Txiki Benegas (PSE). (ARTXIBOA)

Pasa den urteko udal eta foru hauteskundeetan agerian geratu ziren estrategiek badute aurrekari bat; hitzarmen bat, hain zuzen. Aitzindaria ezker abertzalearen zokoratze ahaleginean; orduan Herri Batasuna (HB) zegoen. Gaurko egunez duela 36 urte sinatu zen Ajuriaeneko Ituna, hilabete batzuk lehenago Madrilgo Kongresuan Felipe Gonzalezen PSOEk sustatuta sinatu zen hitzarmenaren segida. Horren erakusgarri da “Egin”-ek nabarmendu zuen hauxe bera: «PSEren neurrira egindako dokumentua».

«Indarkeriaren aurkako» itun gisa salduta, Euskadi Normaltzeko eta Baketzeko Hitzarmen gisa ofizial eginda, Ajuriaeneko Itunaren oinarrian «demokraten eta biolentoen arteko marra» ezartzea zegoen; finean, Herri Batasunaren eta gainerako indar politikoen arteko distantzia handitzea.

Orduan, «ETAren aurkako ituna» lerroburu zuela argitaratu zen “Egin”-en urtarrilaren 13ko edizioa, hitzarmenak izan zuen «kontsentsu nabarmena» azpimarratzen zuela. Hain zuzen, Eusko Alkartasuna alderdiaren jarreran jartzen du argia egunkariak bere azalean; lau egun eta 50 ordu pasa iraun zuen bileran, hitzarmena gogor kritikatzetik -baita PSEren zentraltasuna ere- haren alde bozkatzera igaro baitzen ordu gutxiren buruan.

Adierak adiera eta akordioak akordio, hitzarmenaren funtsa zein zen agerian geratu zen Txiki Benegasen (PSE) esaldi honekin, “Egin”-ek barneko orrialdeetan nabarmendu zuena: «Hemendik aurrera, ETA eta Herri Batasuna bakarrik geratuko dira euskal gizartean». Ildo berean mintzatu zen Jose Antonio Ardanza (EAJ), Gasteizko Gobernuko lehendakaria: «Euskal alderdi politikoen artean talde bat eratu da, gehiengo euskal gizartearen nahiak errespetatzen ez dituzten horiek bakartzeko helburuz».

Bertsio ofizialei jarraituz, hitzarmenaren kutsu politikoa baztertu nahi izan zuten sinatzaileek, terrorismoaren aurkako itun soila zela sinetsaraziz. Baina, memoria eginda, ezker abertzalea sekula politikaren lehen lerrora ez iristea izan zuen asmo nagusi.

ALDANA ETA ETXEGARAI

Ajuriaeneko Ituna ETAren kontrako jardueraren lanabesa zen, beste tresna batzuekin batera Gobernu espainolaren estrategia gorpuzten zuena. Horretan, neurri politikoak, polizialak eta judizialak erabiltzen zituen, eta ez denak legezkoak, jakina denez.

1986ko urtarrilaren 12an “Egin”-ek berri izugarri bat eman zuen. Alfonso Etxegarai eta Angel Aldana, Ekuadorren ziren euskal deportatuak, bahituak eta torturatuak izan ziren. Ekuadorreko poliziek atera zituzten etxetik, ondoren Polizia espainolen esku uzteko. Bortizki torturatu zituzten. Antza, ETAk bahituta zeukan Juan Pedro Guzman enpresaburua askatu ahal izateko informazio bila ari zen Polizia espainola.

LEHEN URRATSAK, 1987AN

1987. urtean, gatazka politikoa bere gorenean zegoen eta, beraz, Madrilen mugitzen hasia zen «terrorismoaren aurkako hitzarmena», ETAren aurkako estrategia gorpuztuko zuena. Bartzelonako Hipercor supermerkatuan eta Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelean egindako atentatuak sekulako astindua izan ziren, eta horren eztanda Ajuriaenera iritsi zen, itunaren lehen urratsak egiteko. Hain zuzen, 1987ko azaroaren 5ean, Estatu espainolean sinaturikoa erreferentetzat hartu zuten Ardanzak eta Benegasek. Ajuriaenearen ikuspegi zentralista kritikatu zuen Herri Batasunak, negoziazioen lehen pausoetan.

ETAren ekintzen aitzakiapean ernatu zen Ajuriaeneko hitzarmena, baina hautetsontzietan ezker abertzaleak izan zuen gorakada nabarmena aintzat hartu beharreko faktorea da, itunaren 30. urteurrenean Iñaki Altuna NAIZeko zuzendariak Info7 Irratian iradoki zuen legez. Era berean, Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) ahuldadea ere faktore izan zitekeen, zatiketa tarteko. Alegia, EAJ eta PSEren statu quoa mantentzea izan zela, funtsean, hitzarmen haren oinarria.

NEGOZIAZIOEN KRONOLOGIA

Negoziazioen kronologia xehatu zuen “Egin”-ek, irailaren 25ean hasi eta urtarrilaren 12ra arte eman ziren pausoen berri emateko. «109 egun ETAren aurkako ituna sinatzeko»; horixe “Egin”-en lerroburua. Elkarrizketa errondari ekin zion Ardanzak, eta lehena bukatutakoan «geldialdia» egin zuen, Zaragozako atentatua gertatu zen arte. Bigarren erronda hasita, agerian geratu zen HBri zioten ezinikusia, hiruko bilera baztertu baitzuen PSEk. Hala, ezker abertzalea, Tasio Erkizia eta Josu Iraeta ordezkari zituela, negoziazioetatik atera zen, «PSEren interesetara hipotekatu zelako EAJ».

1987ko abenduan lehen zirriborroa eratu zuen Ardanzak, eta Nafarroa EAEra batu zitekeela zioen puntuak zenbait kritika suspertu zituela-eta, hori kanpoan utzi eta Gabon zahar egunean bigarren zirriborro bat helarazi zien alderdi politikoei, HBri izan ezik.

1988. urtean sartu berritan, hitzarmena sinatzeko bilerak hasi ziren, 5ean abiatu eta 12an bukatu, azkenean EAren babes eta guzti, duela 36 urte.

Statu quoa babesteko saiakera horretan dabiltza oraindik ere EAJ eta PSE, ezker abertzalearen gorakadaz jabetu ezinda; edo, hain zuzen ere, ondo jabetu direlako. Duela hiru hamarkada pasa HB bakartzeko estrategiak bere emaitzak eman zituen, «euskal gizartearen txar guztien erantzule ETA zela sinetsita», “Egin”-ek, 1988ko urtarrilaren 13an, bere azalean adierazi zuen legez.

«Preso guztien askatasuna ekarriko luke ETAren armagabetzeak», jasotzen zuen Ajuriaeneko Itunak bere lerroetako batean, eta GARAk 2011n ohartarazi zuen; igaro dira ia 15 urte armak utzi zituenetik eta kartzelaren eta salbuespenaren gatibu dira oraindik ere euskal preso politikoak.



[2010] Haití: terremoto, crisis humanitaria y red de tráfico de niños

Un potente terremoto con epicentro a 15 kilómetros de Puerto Príncipe sumió a Haití en una honda crisis humanitaria el 12 de enero de 2010. A los pocos días de producirse el devastador seísmo, Unicef y organizaciones no gubernamentales alertaron del posible tráfico de niños en ese escenario de caos y crisis humanitaria. Al menos 15 menores no acompañados desaparecieron de un hospital en aquellos primeros días t. «Cuando ocurre una catástrofe, las redes tratan de aprovecharse de la fragilidad del Estado y de los sistemas de control», declaró en aquel momento el Fondo de Naciones Unidas para la Infancia.

En aquel contexto, GARA se adentró en «la cara y la cruz» de la adopción internacional, en las legislaciones y limitaciones que imponen a la adopción internacional varios países, entre ellos Colombia, China, Etiopía y Rusia. El reportaje -cuyos PDF se adjuntan en la pieza de NAIZ- incluyó una entrevista con Xabier Etxaniz, autor del libro “Ekialdetik iritsi zen Enara” sobre el proceso de adopción en China de su hija Enara y del significado de la palabra adopción.