Urtzi URRUTIKOETXEA

Primarioen aurreko azken debatean, DeSantis eta Haley soilik

Alderdi Errepublikanoko presidentegaia aukeratzeko primarioak hasi aurreko azken debatean bi hautagai baino ez dira egon, Nikki Haley eta Ron DeSantis. Donald Trumpek, ohi bezala, beste ekitaldi bat egin du; gainerako hautagaiek ez dute lortu parte hartzeko gutxieneko babesa, eta Chris Christie antitrumpistak lehia utzi du.

Ron DeSantis eta Nikki Haley hautagai errepublikanoek tarte bat hartu eta eztarria freskatu zuten debateko une batean.
Ron DeSantis eta Nikki Haley hautagai errepublikanoek tarte bat hartu eta eztarria freskatu zuten debateko une batean. (Chip SOMODEVILLA | GETTY IMAGES)

Alderdi Errepublikanoko presidentegaia hautatzeko primarioen zikloa astelehenean hasiko da Iowako caucusekin; handik astebetera New Hampshireko bozketa izango da. Inkesta guztietan Donald Trump ageri da faborito, eta joan den udan aurreneko debateak hasi zirenetik nabarmen murriztu da hautagai kopurua. CNNk Iowan prestatutako platoan Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohi eta NBEko enbaxadore ohia (lehian dagoen emakume bakarra) eta Ron DeSantis Floridako gobernadorea baino ez ziren egon. Trump ere Des Moinesen zegoen, gainerako hautagaiengandik kilometro pare batera kontraprogramatu baitzuen Fox telebista katean elkarrizketa.

Baina ezustekoa New Hampshiretik, Iowaren ostean datorren astean primarioak egingo diren estatutik, iritsi da, Chris Christiek lehiatik erretiratzea erabaki zuela iragarri baitzuen. New Jerseyko gobernadore ohia Trumpekiko hautagai kritikoena izan da primarioen aurreko hilabeteotan. Gainerakoek kexa leunak edo zuzenean presidente ohiarekiko erabateko morrontza erakutsi dute; Christiek, ordea, aho-bilorik gabe salatu du Trumpek hauteskundeak galdu ostean emaitzak manipulatu nahi izan zituela eta Kapitolioaren aurkako erasoa bultzatu zuela. Trumpen aurkako jarrera horrek egungo Alderdi Errepublikanoan muga handiak dituela ikusi zuen laster, etengabe %5etik behera ibili baita inkestetan. Hala ere, AEBetako kontserbadore guztiek noizbait eskertuko dioten duintasunaren ahotsa izan da, gero eta jarrera ultraeskuindarragoak hartu dituen alderdi horren barruan.

Duela aste batzuk, Chris Sununu New Hampshireko gobernadoreak, hautagai moderatuaren antzeko jarrera kritikoa daukanak, azken kolpea eman zion Christieri: urtarrileko primarioetarako Haley hautagaiaren alde egin zuen; arreta mediatikoan eta inkestetan gora egiten ari zen figura zela ikusita, eta ziur aski Trumpen aurka zerbait egin dezakeen bakarra izango dela jakinda. Ordutik, presidente ohiaren aurkako boto guztiak Haleyren inguruan metatzeko eskaerak iritsi zaizkio Christieri, erretiratu dadin eta Haleyren alde egin dezan. Presioek izan dute emaitzarik asteon, eta ikusi beharko da zenbaterainoko bultzada ematen dioten NBEko enbaxadore ohiari. Zenbait inkestak %10etik beherako aldea eman diote Trumpi New Hampshiren egunotan, eta Christieren aldeko babesak erabakigarriak izan litezke Haleyren alde. Hala ere, New Jerseyko gobernadore ohiak ez du oraingoz Haley babestu, eta mikrofono irekian harrapatu zuten esaten «ketan joango» dela eta Haleyk ez duela «behar besteko neurririk». Laburbilduta, Christie beldur da Haleyren alde egin eta datozen asteetan honek iragartzea Trumpen presidenteorderako hautagai izango dela; hau da, trumpismoaren aurkako boto errepublikanoak azkenean presidente ohia babesteko izatea.

Edozelan ere, Haleyk berehala Christieren zaleak erakartzeko mezua bidali zuen, aurkaria erretiratzen zela jakin orduko New Jerseyko gobernadore ohia «aspaldiko laguna» duela esanda. Haizea alde dauka Haleyk, eta badaki orain dela unea Trumpen aurrean alternatiba bakar gisa agertzeko. Gaur-gaurkoz, faborito Trump da, horratik: hala, Haley eta DeSantis errepublikanoek elkarren aurka ziharduten bitartean, presidente ohiak hauteskunde-kanpainako mezuarekin erantzuten zien Fox katearen galderei. Bosgarren debatea zuten hautagai errepublikanoek, eta lehen aldiz biren arteko aurrez aurreko eztabaida zen; Trump ez beste hautagai guztiak edo erretiratu egin dira edo azken inkestetan ez dute eztabaidan parte hartzeko eskatzen zen gutxieneko babesik lortu (%10 edo gehiago).

EZTABAIDA

Haleyk eta DeSantisek batak bestearen «gezurrak» salatu zituzten, migrazioari buruz eztabaidatu zuten, eta errepublikanoen artean Ukrainari buruz dagoen zatiketa azaleratu zuten: Haley Ukrainari laguntzen segitzearen alde dago; DeSantisek Haleyri leporatu zion gehiago kezkatzen dela Ukrainaz AEBetako mugaz (immigrazioaz) baino.

Trump, berriz, herritarren galderei erantzutean abortuaren gaian katramilatu zen. Gaiak demokratei botoak ematen dizkiela gogorarazi zien jarraitzaileei, baina «harro» agertu zen abortu-eskubidearen babes konstituzionala berari esker kendu zelako. Ezbairik gabe, demokratek behin eta berriz erabiliko dute Trumpen aipua datozen hilabeteetan.



El juicio por fraude contra Trump, visto para sentencia

Donald Trump volvió ayer al Tribunal de Manhattan para repetir ante la prensa que el juicio por fraude es una «caza de brujas». En la sala, sus abogados presentaron los alegatos finales ante lo que llaman un juicio «fabricado». El juzgado ya ha determinado que la familia Trump infló de forma fraudulenta sus activos para obtener préstamos favorables. Queda fijar la condena; la fiscal ha solicitado una multa de hasta 370 millones de dólares y un veto de por vida en el sector inmobiliario del estado. U.U.