GARA
SANTURTZI

Bizkaiko kostaldean topatutako pelletak ez dira Galiziakoak

Azken egunotan Bizkaiko zenbait hondartzatan agertu diren plastikozko bolatxo txikiak ez dira Galizian Toconao ontziak izan zuen isurketakoak, Aztik baieztatu zuenez. Euskal kostaldera iritsiko balira, pelletak biltzeko baliatuko lituzketen bi ontziak aurkeztu zituzten.

Bittor Oroz sailburua, Oihane Cabezas ikertzailea eta bi ontzietako patroiak, Santurtzin.
Bittor Oroz sailburua, Oihane Cabezas ikertzailea eta bi ontzietako patroiak, Santurtzin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko zenbait hondartzatan azken egunotan agertu diren pellet edo plastikozko pinportak ez dira Galizian Toconao ontziak izan zuen isurketakoak, Aztik eta Gaikerrek egindako azterketek baieztatu dutenez. Hala adierazi zuen atzo Oihane Cabezas Aztiko ikertzaileak, Bittor Oroz Lakuako Gobernuko Nekazaritza eta Arrantza sailburuordearekin Santurtzin egin zuen agerraldian. Euskal kostaldean pelletak biltzeko prestatu dituzten bi ontziak aurkeztu zituzten, eta hor eman zuen berria.

Cabezasek esan zuenez, «pellet bidezko plastikoek eragindako kutsadura nahiko ohikoa da. Hori badugu; baina, oraingoz, ez dugu ikusi Galiziakoak direnik». Nolanahi ere, nabarmendu zuen laginak hartzen jarraituko dutela.

PELLETAK JASOTZEKO MISIOA ABIAN

Ikertzaileak erantsi zuenez, Aztik egindako aurreikuspen eta simulazioen arabera, ez dute espero datozen lau egunetan Toconao ontziak galdutako zamaren hondakinik iristerik ere.

Oroz eta biek, Hiru-Anaiak eta Rokillo itsasontzietako patroiekin batera, bi ontzi horiekin prestatu duten operatiboa aurkeztu zuten. Itsasertza izena eman dioten misio honetan, itsasoko pelletak jasoko dituzte. Orozek azaldu zuen Aztik garatutako sareak ezarri dituztela bi itsasontzietan, behar izanez gero, itsasoan egongo balira, «Galiziatik etor litezkeen» pelletak biltzeko.

«Hurbildu ahala hondakinak identifikatzen ahalegintzea» izango litzateke estrategia. «Gure uretan sartzen diren unean, orduan aterako lirateke itsasontziak hondakinen bila», zehaztu zuen sailburuak. Oihane Cabezasek esplikatu zuen Hiru-Anaiak eta Rokillo itsasontzietan jarri dituzten gailuak itsas ikerketarako sare neutonikoak direla.

Lan egiteko moduari buruz, azaldu zuen itsas gainean pellet edo zabor multzo bat ikustean, sare hori jaurti eta arrastatu egiten direla hondakinak, pelleten lerroa edo orbana segituz. Sarea materialez betetzen denean, barrukoa garbitu eta operazioa errepikatzen da orbana ezabatu arte.

ARRAINAREN KONTSUMOA, «ERABAT SEGURUA»

Bittor Orozek oroitarazi zuen Lakuako Gobernuak EAEko Larrialdi Plan Bereziko alerta aktibatuta duela, prebentzio gisa, Toconaoko isuriaren ondorioz itsasoa kutsatu litekeela-eta, baina ziurtatu zuen arraina jatea «erabat segurua» dela eta herritarrak animatu zituen lasai jatera.

Sailburuaren ustez, Toconao ontziarekin gertatu denak balio behar du «egiaz itsasoan plastikoekin arazo bat» dugula ikusteko. «Gertaera puntual bat izan da, baina plastiko ugari dago itsasoan eta kontziente izan behar dugu horrek sortzen duenaz», adierazi zuen.