Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Urrunetik lau, hurreratu eta hamalau!

Pandemiaz pandemia bizi gara. Krisirik krisi. Ezustekotik ezustekora; hortaz, usteak erdi ustel! Oraingoan pinportak! Kostara heldu zaizkigu, asko kosta gabe heldu ere, antza. Sorterria zein duten auskalo! Baina gurean dira jada, euskal labela, edota lehendik ere baziren, nahiz eta orain albiste bihurtu, Jainkoak berak baleki! Baina hor dira, hareatzetan lekua hartzen. Eta hortxe dira boluntarioak, bahea eskuan hareak bahetzen. Alaskako Yukon ibaiadarretako behialako irudiak pasatu zaizkit di-da batean buru aldetik; ehiztariak uretan urre arrantzan zirenekoak. Garai bakoitzak bere sukarra.

Gure gizartea likidoa dela esan ohi dute. Tira, baina plastikoa ere, inondik inora, izan. Ez dena da solidoa, kohesionatua, elkartua, horizontala. Hiztegia nahasten doa egunik egun. Pinporta ez da jada elorriarena edo marrubiarena, ez horixe, harearena baizik. Anpotrozenoa edo. Zerrenda hitza ere hasiak gara maizago erabiltzen, halabeharrez, hauteskundeetatik harago. Batu eta bildu ez da gauza bera, ezelan ere ez, han-hemengo ezkerrek ondo dakitenez. Biltzeak egitura eskatzen du, eta ehundura, hezurra eta azala, giharra eta indarra, eta kalea kale gin gabe.

Elkarrekin, Batua, Sumar... ikusitakoa ikusita, fisikatik zein aljebratik, ikusi-makusi, zer ikusi? Auskalo! Ahal dugu ala ahul dugu? Ahal ala ezin? «Urrunetik hamalau, hurreratu eta lau», dio esaera zaharrak. Ezker baskista federalaren hemisferioan: urrunetik lau, hurreratu eta hamalau... lehendakarigaitan betiere! Ajuria Enean ezin kabitu! Tira bada, biodibertsitatea beharrezkoa da politikaren oihanean ere, baina neurrian, demonio! Tendentzia izateko ere bada eskubidea, baina neurrian, demontre! Frakzio gehiago dago «espazio» horretan zatiak baino. Horren arazoa da etorkizuna ez dela jada lehen izan zena. Prefosta!