Euskal-erdal autismoa
Oraintsu, Sestaon, kontzertu bat eskaini genuen eta kontzertu osteko kantu afarian, janez-janez, Carlos kultura zinegotzia eta biok euskararen egoeraz mintzatzen hasi ginen. Biok euskaldunak. Kontzertuaren gozamenaz mintzatu ostean, gai interesgarria platereratu genuen. Hizkuntzaren gaiaz ari ginen eta Euskal Herrian euskal herriak daudela-eta, hauxe aipatu zidan berak: «Zuok Euskal Herriko euskaradunok nolabaiteko autismoa ere baduzuela uste dut; hau da, Arratia eta Sestao modu berean sartzen dituzue».
Bi mundu desberdin daudela gurean eta Euskal Herri desberdin honetan, guk, Euskal Herriko euskaradunok, portaera desberdinekin bizi garen zentzua ez dugula hartzen ziostan. Euskal autismoa aipatu zidan eta, euskal autismoaz hitz egiterakoan, neronek batik bat erdal autismoa ikusten dudala erantzun nion; hau da, egunero bizi dugun honetan, erdal munduak ez duela ezer jakin gura euskal munduaz. Eta biztanlerian, euskararengandik urrun daudenetatik, esan behar, bi eratakoak leudekeela, paso egiten dutenak edota horretarako premiarik ikusten ez dutenak edota adinarengatik edo zailtasuna nabarituz, zail egiten zaienak, eta bestetikoak, hau da, euskarari gorrotoa diotenak.
Amorrua diotenak badira, bai, baina, oztopoak oztopo, bateko edo besteko gehienek ez dute beharrik sentitzen, eta hemen gakoa, beraz, nolatan hazi eta hezi? Zein da modurik eraginkorrena euskal mundura erakartzeko? Erantzuna erraza dela esango didazue: beronen premia sentitzea edo gure aldetik beraiei sentiaraztea. Premiazkoa izan dadin, kultura politikaren zaintza eta beharrezkotasuna areagotu beharko dugu, euskararen berreskurapena biziagotuz eta egoera bakoitzean abileziaz jokatuz.
Eta honetan, gure pozerako eta hizkuntzari diogun maitasunaz gozatzeko, bizigarri zaizkigun aipuak eta lausenguak jasotzen eta geureganatzen ditugu, hau da, bizirik gaudela eta egunean baino egunean biziagoa dela sentitzeko eta sentiarazteko. Hala nola gure olerkarien mezu aipagarriak eta esanguratsuak barra-barra datozkigu.
Josean Artzeren «hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik». Bitoriano Gandiagaren «erabiltzen ez den euskara hil egiten da, mugitzen ez den bihotza hil egiten den bezala». Joseba Sarrionandiaren «erein ezpainetan irrifarra... mihian barruan euskara barra-barra, gure territorio libre bakarra»... Gure gozamena pizteko, zorioneko mezu erakargarriak. Eta «hemen euskara indartzea bezalako indar politikorik ez dago», zioen Bitoriano Gandiagak.
Hala ere, izenburura nator: baliteke guk ere geureak konbentzitzen denbora gehiago ematea gureak ez direnak baino, eta jakina errazago zaigula gutarrak konbentzitzea kanpokoak erakartzea baino. Eta gaitzesten duenarekin eta nahi ez duenarekin, zer? Ba, hizkuntza batek estatus ona duenean, eta herritarren sostengua duenean, nahi izatean eta gogoko eta beharrezko sentitzean, aurrera egingo du.
Bizitza ibilian joan doa eta geldirik egoteak ez dio ikuspegi berri bat ikusteko aukerarik emango. Eta ikuspegiaz ari garenez, bada gustuko dudan mezu bat: «Gauzak begiratzeko modua aldatzen baduzu, begiratzen dituzun gauzak bestelakoak bihurtzen zaizkizu». Beraz, gure gauzetan eta egintzetan, gure mintzairan, besteenganako erakargarritasuna bilatzea derrigorrezkoa dugu. Hizkuntza komunikatzeko tresna da eta batik bat berarekin eta berataz, garenaz sentiarazteko eta gozatzeko tresna.
Nik hain estimuan izan dudan Otxandioko «Euskal Sokratesek» burutzen goazela esaten zidan. Zelan? «Burua hotz eta hankak ibilian». Eta «hankak ibili horretan» egoera bakoitzari egokitu beharrean gaude eta, oztopoei eta zailtasunei aurre eginez, birsortzea eta birplanteatzea dagokigu eta, irudimenez eta biziagotzeko plangintza berriez, zertan ari garen ondo eta zertan ez aztertzea. Joan bagoaz, ez gaude geldi, bizi garen seinale, eta belaunaldi berriek, akaso, erantzun berriak edo berriztatuak beharko dituzte jaso.
Eta geroa ardatz eta helburu izanik, gure aurrekoek zioten ondorengoei herentzia on bat uztea beharrezko dugula; gure aurrekoek guri utzi ziguten modu berean geuri ere tokatzen zaigu datozenei uztea. Transmisioaz ari gara eta gaurko gazteek, nerabeek eta haurrek euskaraz bizitzeko eta elkarganatzeko aukera dute. Edozein zerbitzutara heltzeko eta euskara biziagotzeko aukera dute eta hizkuntza izango dute lagun eta bide.
Eta, hala ere, hauen guztien aurrean, euskararen ezaguera handitzen doan heinean, erabileraren kontua dugu. Urria dela jakin badakigu, eta hor dago ba koska eta hortxe euskararen iraupena. Arratian badugu kontuan hartzeko esaera bat: «Mihin bako arrana, ugerrak jan». Eta sarritan aipatu izan da: «Euskara ez da salbatuko euskaldunok erabiltzeko eskubidea izateagatik eta haren aldeko politikak eta askotariko ekintzak garatzeagatik. Ez behintzat horregatik bakarrik», bai, eta?
Euskaldunon eginkizuna, hala ere, euskararen ezaguera sustatzea da eta beronen ikasketak esparru guztietan bultzatzea, gure kultura osatzen eta aberasten duten alor guztietan. Erabilera urria dela, jakina, hirietan batik bat; bizitza sozialaren gehiengoa erdal hizkuntzan bizi da, baina urriagoa ere izan da eta ez antzina; beraz, euskararen garapena eta berreskurapena fronte guztiak zabaltzetik etorriko da, geureari eutsiz baina hango eta hemengo autismoari aurre eginez, portaera itxi nahasmeduei begiak zabalaraziz, sentimenduz eta arrazoi ugariz aurrekoa konbentzituz eta trebetasuna erakutsiz.
Euskarak bizi modernoarekin bat egin du eta pausoak irabazten joan da, eta joango da. Eta baikor sentitzea beharrezko dugu eta baikor sentitzeko motiboak eduki badauzkagu.
Etorkizunaren bizi berri baten itxaropenean, nor garen, nondik gatozen eta norantz goazen ahaztu gabe, iraupenean eta hurrengoenganako transmisioan, errealitatea eraldatzea ere geuri dagokigu, bidez bide, eskuz esku, buruz buru, indar berriz eta egintza handiz. Zabalduz, hedatuz, birsortuz, haziz-haziz, geurera erakarriz.