Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Euskal Herria, Katalunia eta Eskoziako mugimendu independentistak, ingelesez

Euskal Herria, Katalunia eta Eskoziako independentziaren aldeko mugimenduak aztertzen ditu Xabier Irujok editatu duen Renoko Unibertsitateko lanak. Ikuspegi akademikotik abiatutako lana da eta era askotako ikuspegiak jasotzen ditu, atzo Iruñean Irujok egin zuen aurkezpenean nabarmendu zuenez.

Xabier Irujo eta Karmelo Landa, Iruñean.
Xabier Irujo eta Karmelo Landa, Iruñean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Renoko (Nevada) Unibertsitateko Center for Basques Studies delakoak “Pro-Independence movements in the Basque Country and Catalunya” lana argitaratu berri du. Bi herri hauetako errealitateaz gainera, Eskoziarena ere jasotzen du, tituluan agertzen ez bada ere. Hiru mugimendu independentista hauen zergatiak, existentzia, historia, oinarri historiko eta juridikoak eta arrazoibide kultural, politiko, ekonomiko eta sozialak jasotzen ditu, atzo Iruñean lanaren editore Xabier Irujok Karmelo Landa irakaslearekin batera egin zuen aurkezpenean azaldu zuenez.

Irujorekin batera Antoni Segura eta Queralt Sole aritu dira editore lanetan. Liburuan Salvador Cardus, Xabier Ezeizabarrena, Teresa Abello, Igor Filibi, Alberto Spektorowski, Iñigo Bullain, Carles Santacana, Franciso Letamendia, Giovanni C. Cattini edo Daniel Roig bezalako adituen lanak jasotzen dira. Irujok nabarmendu zuenez, talde anitza da, bai ideologikoki, bai bakoitzak izan duen ibilbideari dagokionez. Bartzelonan 2019an egin zen kongresu bat da lanaren abiapuntua.

«Gure helburua katedradunak eta politologoak biltzea izan da. Hau da, Euskal Herrian 1997tik 2006ra bitartean eta Katalunian 2006tik 2019ra bitartean, gutxi gorabehera, izandako gertaeretan lehen pertsonan parte hartu zuten pertsonak biltzea. Mugimendu horien tripetatik eta hainbat ikuspegitatik idatzitako liburu akademikoa dugu, ez nahitaez aldekoa, baina barrutik kontatutako istorioa da», esan zuen Irujok.

GERTUKO GERTAERAK

Hiruretan galdutako estatu independentearen berreskuratzean oinarritzen da aldarrikapena. Irujok azaldu zuen Euskal Herrian galera hau berantiarragoa izan zela, eta horrek baditu ondorioak. Gamazada arte, esate baterako, Gaztelari ez zitzaion zergarik ordaindu. «Gure birraitonen garaiak dira», gogorarazi zuen Irujok.