Musikaren psikoanalisiak
Ezin dut kantariaren izena ezagutzera eman, agerian utziko nuke; gainera, ez litzaioke tutik atsegin izango zutabean airatzea bere ideiak. Orain pentsatzen du norberaren autogestioan dagoela arazoen irtenbidea, norberak bilatzea bere gune desegokiak. Sudurretik hartu eta bota arnasa, eta patxada bidea bilatu arnas higienearekin. Hilabete batzuk lehenago aitortu zidan lasaitu beharra zuela, antsietateak gainditu egiten zuela, eta psikoanalistarengana joango zela. Pare bat aldiz baino ez zituen lotu hitzorduak, eta harekin alferretan mintzo zela erabaki zuen.
Kalean topo egin genuen eta oren bat eman genuen ele-melean. Lagun hurkoa dudan kantariak esan zidan psikoanalistarenera joaten bazara hura gabe bizitzen ikasteko dela, psikoanalistak ez zuela gogaitu (jarrerak bai), bera gohaindu zuela egoerak eta hobeto zuela hitzik beste egitea, isiltzea eta ospa egitea. Ez zuen haren premiarik ikusi, antzua zitzaion berriketa.
Horretarakoxe zuen gogoa, psikoanalistak orokorrean gogaitzeko eta horrelakoak ziren gogamenak praktikan jartzeko. Haztatu zituen alkohola, kafea, azukrea, nikotina, pilulak, talde-terapiak… Dena lastoa eta betekizuna. Ezagun du autogestio xumeak atera duela antsietatetik, eta hori du eguneroko lanketa. Bat nator kantariarekin. Beste batek hamar urte daramatza terapian.