GARA
MENDIA

Alex Txikon pozik itzuli da, «kalterik gabe denok etxean bueltan gaudelako»

Elur-jausien erruz «une arriskutsu ugari» bizi eta gero, «Annapurna Cold Peaks» espedizioak lanak amaitu eta atzo itzuli ziren Loiura. Berriro hara joan aurretik «atseden hartzea, indarberritzea eta lanean jarraitzea tokatzen» dela esan zuen lemoarrak.

Alex Txikon eta Eneko Garamendi, Loiuko aireportuan lur hartu ostean.
Alex Txikon eta Eneko Garamendi, Loiuko aireportuan lur hartu ostean. (BIOK KOMUNIKAZIOA)

Alex Txikonek azaroaren 29tik gidatu duen espedizioa, Annapurna Cold Peaks, Euskal Herrian da. Aurrez Katmandun atseden hartu ostean, atzo iritsi zen Loiuko aireportura Lemoako alpinista bere taldearekin, Istanbuldik buelta espero baino ordu eta erdi beranduago izan bazen ere. Annapurnan gailurrik zapaltzeke itzuli bazen ere, pozik zen bizkaitarra, beste edozeren gainetik «kalterik gabe, denok etxean gaudelako».

«Saiatzen ez jarraitzea erabaki zaila izan zen, baina hori zen egokiena; mendiak ‘horraino’ esaten zigun. Atseden hartzea, indarrak berreskuratzea eta lanean gogor jarraitzea tokatzen da», esan zuen Txikonek lur hartu ostean.

«Bizirik gaude eta pozik», azpimarratu zuen Lemoakoak. «Pentsa, aurreko urteetan ez gara halako ilusioarekin itzuli etxera. Nik uste mendiari ekiterakoan huts egin dudala oraingo honetan. Annapurna aurrez ezagutzen genuen eta informazioa hortxe geneukan. Ohi baino tenperatura altuagoak izan dira bertan eta oinarrizko kanpalekutik bigarren kanpalekurainoko bidea egutera denez, lana ederki asko egin genezakeen. Handik gora, baina, hozkailu bat bezalakoa da», azaldu zuen alpinista bizkaitarrak.

Gaineratu zuenez, «elur larregi egitea txarra den bezala, batere elurrik egin ez izana ez da hobea. Eta, horretaz gain, gailurrera bidean efikazago izatea falta izan zaigu; hau da, talde bat material guztia aurreneko kanpalekutik bigarrenera eramateko izan bagenu, handik gora guk geuk egin ahal izango genukeen lan hori bera».

BIHOTZAREKIN PENTSATUZ

Altueran hiru errotazio burutu zituzten. Urtarrilean, eguraldi leiho egokiak ireki zirela aprobetxatuta, urrats handia egin zuten. Bigarren kanpamentura iritsi ziren urtarrilaren 10ean (5.600 metro) eta hurrengo egunean, aurreikuspena ere lagun izango zutela ikusita, hirugarren kanpamentura jotzeko asmoa zuten. Jada hornituta zeukaten 6.400 metrotako kanpalekua, baina bertara iritsi zirenean, material guztia galdu zutela ohartu ziren.

Sekulako kolpea jaso zuten eta kanpaleku nagusiraino itzuli behar izan zuten. Bertan, hausnartzeko parada izan zuten eta, azkenean, espedizioa bukatutzat ematea erabaki zuten. Materiala galdu zutelako ez ezik, elur-jausi arrisku bizian ari zirelako lanean.

Arrisku egoera horren aurrean, «bihotzarekin pentsatzea» erabaki zutela onartu zuen atzo Txikonek. «Oro har, burua nahiko hotz mantentzen dut aurrera egin edo ez erabakitzeko orduan, baina kasu honetan ‘bihotzarekin pentsatuta’ erabaki dugu atzera egitea», azaldu zuen.

«Hiru aldiz, eta gutako zenbait baita lau bider ere, bigarren kanpaleku horretatik gora aritu gara lanean eta oso arriskutsu zegoen hirugarren kanpalekurainoko tarte hori. Bestetik, materiala galtzea ere kalterako izan zen, noski. Batetik, kopuruz karga handia zelako eta, bestetik, material hori berriro hirugarren kanpalekuraino igotzeko beste bi errotazio egin beharko genituzkeen. Sei, orotara, horrek suposatuko zukeen arrisku guztiarekin. Bestela ere une arriskutsu asko pasa ditugu, ordu erdiro elur-jausi bat gu geunden ingurura erortzen zen-eta. Eta gutxienez ezer txarrik ez gertatzeko zortea ere gure alde izan dugu. Gauza bat da ni harrapatzea, baina ez nire kideak», laburbildu zuen alpinista lemoarrak.

«Halakoetan, azkenerako bihotzarekin pentsatzen duzu, eta, besterik gabe aurrera eta aurrera egiten jarraitu beharrean, hobe beharrez atzera egitea erabakitzen duzu. Nigatik balitz, oraindik ere Annapurnan geundeke, baina hemen gaude orain, eta bizirik gainera. Hurrengo batean berriz ere saiatuko gara», gaineratu zuen Txikonek.