Altunak eta Martijak goraka jarraitzen dute jokoan nahiz sailkapenean
Aurrelari amezketarra itzuli zenetik, jokatu dituzten zazpi neurketetatik bost irabazi dituzte eta goranzko joera nabarmena daramate. Atzo nagusitasun handiz menderatu zituzten Getarian erakutsitako mailatik urrun geratu ziren Ezkurdia eta Tolosa.
Jokin Altunak eta Julen Martijak urrats garrantzitsua egin zuten play-offetan sartzeko, atzo Eibarko Astelena pilotalekuan Ezkurdia eta Tolosari irabazita. Bosgarren puntua bildu dute ligaxkan eta tanteoa ere irabazi diete atzoko aurkariei. Kontuan izan behar da Altuna min hartuta egon zen lehen hiru jardunaldietan ez zuela punturik lortu bikote honek, eta amezketarra itzuli zenetik bost garaipen pilatu dituztela zazpi neurketetan.
Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak, aldiz, beheko zuloan jarraituko dute beste aste batez. Aurreko jardunaldian Getarian eman zuten itxura bikainari ezin izan zioten jarraipena eman Eibarren, batez ere norgehiagokaren bigarren erdian, eta zazpigarren segitzen dute hiru punturekin.
Partidaren lehen zatia oso orekatua izan zen. Urdinak hobeto sartu ziren deman, Altunaren hiru erremate ikusgarri eta Martijaren errebote bati esker markagailuan 1-4 aurreratuz. Baina, amezketarraren huts batzuk tarteko, emaitza parekatu egin zen.
Xabi Tolosak itxura oso ona eman zuen lehen txanpa horretan, pilotari altura handia emanez eta ederki atzeratuz. Gorrien lehen tantoa ere berak egin zuen, pilota bikain mozturik bi aurkarien artera. Ezkurdia ez zen bereziki inspiratuta ibili, baina une horietan sinatu zituen pare bat erremate on. 7-7 eta 8-9 egon ziren, partidan erabat sartuta.
0-9KO PARTZIALA
Baina hortik aurrera norgehiagoka erabat hautsi zen, Astelenako harmailak bete zituzten zaleen zoritxarrerako. Urdinek bederatzi tanto egin zituzten segidan eta 8-9tik 8-18ra joan ziren zuzenean. Xabi Tolosa izan zen tarte horretan behera egin zuena. 8-10era arte jokoan pilotarik galdu gabe zebilen anoetarra -eramateko sake bat zuen huts bakartzat-, baina urdinen partzial horretan lau galdutako izan zituen, eta hortxe egon zen gakoetako bat.
Bikote urdinean, aldiz, Julen Martija distiratsu aritu zen. Defentsan ia beti bezala bikain aritu zen nafarra, eta, horrez gain, pilota aurrean hartu zuen bakoitzean ikaragarri gozatu zuen. Bi pilotakada sartu zituen argi-argi errebotean, eta atzean beste tanto bat ere sinatu zuen.
Haizea alde zuela, Jokin Altunak ere dezente hobetu zituen bere zenbakiak azken txanpan, erremate ederrak sinatuz. Hori bai, tantorik txalotuena, baita Jokinek berak ere, Ezkurdiak 13-20an zabaletik egindako horma-bikoa izan zen. Kontuak kontu, amezketarrak sakez itxi zuen partida.
«Guk min gehiago egin diegu. Ni oso ongi hasi naiz, asmatzen, baina tantoa amaitu nahi horretan huts batzuk egin ditut. Hor garrantzitsua izan da Julenek bikain eutsi diola partidari, bestela arazo gehiago izango genituen. Eta gero biok ongi jokatu dugula uste dut, txisparekin», aztertu zuen Jokin Altunak, oraindik txapelketan duen helburua aldatu gabe. «Beste puntu bat lortu behar dugu play-offak ziurtatzeko, eta hori lortzen dugunean hasiko gara beste zerbaitetan pentsatzen. Bien bitartean helburua play-offetan sartzea da».
Julen Martija ere pozik agertu zen egindako lanarekin. «Hasiera gogorra izan da, oso bizia. Tanto azkarrak jokatu ditugu eta hor hutsen bat egin dut. Baina beste pilota bat atera dugu eta horrekin oso gustura aritu naiz, asko gozatzen. Beraiek huts batzuk egin dituzte; ez da izan agian ikusteko partidarik politena, baina gure aldetik oso pozik goaz, garaipena lortuta», adierazi zuen Etxeberriko atzelariak.
SALABERRIA, KEZKATUTA
Lehen partidan, Bigarren Mailako Txapelketakoan, De la Fuente eta Bikuñak 22-17 irabazi zuten Salaberria eta Arbizuren aurka. Albiste txarrena, ordea, Iker Salaberriak eman zuen, azken hilabeteetan horrenbeste arazo sortu dizkion eskuko kailua berriz ireki baitzitzaion. Aipatu zuenez, kanpotik ireki zaio, sendatzen errazagoa dena, baina ongi aztertu beharko da astean zehar. Goizuetakoak oso kezkatuta utzi zuen pilotalekua.