Ane URKIRI ANSOLA
VI. BIZKAIA TORNEOA

Final ikusgarri bezain nekagarrian, Garai eta Gaminde txapeldun

Partidaren lehen erdian nagusi izan dira urdinak, Gaminderen sendotasuna lagun eta Aldairen akats batzuk tarteko. Bigarren erdian, Dimakoak bere gain hartu du erantzukizuna eta dema estutu du. Hala ere, ez da aski izan urdinen garaipena saihesteko.

Leire Garai gasteiztarra, Binakako Torneoko finalean, garaipena gogoz ospatzen; bere bigarren txapela jantzi du lehiaketa honetan.
Leire Garai gasteiztarra, Binakako Torneoko finalean, garaipena gogoz ospatzen; bere bigarren txapela jantzi du lehiaketa honetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Amaia Aldairen azken pilotakadak atera zuen txapa soinua sinfonia lirikoa izan zen Leire Garairentzat (19-22). Lurrean belaunikatu zen gasteiztarra, azkenean, partida gehiegi konplikatuta, garaipena eskuratu baitzuen, Enara Gaminderen ezinbesteko laguntzarekin. Bizkaia Torneoko txapela jantzi zuten urdinek; lehen aldiz Laukizkoak, bigarrenez Gasteizkoak. Txapelketako bikote erregularrena izan da, lau partidak irabazita, eta, final handian, lehen erdian sekulako sendotasuna erakutsi izanak garaipenera eraman zituen.

Hasiera parekatua izan zuen -eta hasieratik jokatu ziren tanto gogorrak-, baina 4-4ko berdinketaz geroztik, korrontearen kontrara igeri egitera behartuta sentitu ziren gorriak. Sei tanto jarraian eginda (4-10), alde nabarmena lortu zuten urdinek. Garai oso fin aritu zen tantoak amaitzeko garaian, eta Gaminde, bere mailarik gorenean, Capellanek baino sendotasun gehiago erakutsita. Laukizkoak errezitala eman zuen, batez ere lehen erdian. Pentsa, 9-15ekoan bere bosgarren tantoa egin zuen, eta, orduan, egindako tanto gehien zituen pilotaria zen, Amaia Aldairen aurretik.

Dimakoak atzetik aurrera egin zuen. Zenbait tanto huts egin zituen, barneratuta daukan arriskatzeko joeraren ondotik, eta Capellanek nola edo hala eutsi zion partida hagitz gogorrari. Bigarren erdian, ordea, aurrelari bizkaitarrak bere gain hartu zuen erantzukizuna. Leire Garai eta Gaminderi, akidurak zeharo eraginda, gehiago kostatu zitzaien Aldai jokoz kanpo uztea, eta Dimakoak bere errepertorioa atera zuen, txokoan utzitako pilotek distira egin zutela. Egindako tanto bakoitzean azaldu zuen ospakizuna adierazgarria izan zen. Estutu egin zuen partida. Sekulako defentsa erakutsi zuten lau pilotariek, eta sufrimendua agerikoa izan zen.

Tanto bakarrera (19-20) jarri ziren gorriak, urdinen desesperaziorako. Garaik giharrak luzatu behar izan zituen eta, bere lasaitasunerako, Aldaik bi pilota jarraian txapapera bota zituen. Sekulako erakustaldia eman zuten laurek, eta horren arrastoak bidea egingo du.

Bizkaia Torneoaren sei edizioetatik lautan pilota mistoarekin aritu dira, urtez urte maila hobetzen. Atzokoa luzaroan gogoratuko da.