Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Junta-kulata

Batzuetan bada egunerokotasuneko elementu ustez solteak lotzen duen hari fin bat. Orain kontatuko ditudan kasuetan, hariaz gain, bada soinu banda ere. Balbula, zilindro eta pistoi jakin batzuen soinu banda, testosteronarena eta boterearena.

Baga: ertzain batek komisarian hainbat ukabilkada jo zizkion Silvia izeneko emakume bati 2018an eta kondenatu egin zuten horregatik. Orain, sei urte geroago, epaitegian grabazio proba baten desagerpena tarteko, Eusko Jaurlaritzak epaiketa baliogabetu nahi du. Bitxia da nola defendatzen duen Ertzaintza Gobernuak nahiz eta hainbat kapitulu ilun pilatu azkenaldian. Bitxia eta kezkagarria. Are gehiago, joera ultrak eta sindikatu fatxak barne hartzen dituen kolektibo bat saritu nahi denean, hirurehun BMW erosita. 23,6 milioi ordainduko dira gure diruz horretarako.

Biga: Jundizen, gauez, istripu tragiko bat egon zen BMW eta Polo banaren artean eta bi gazte hil ziren. Zauritu larriak daude ere. Hasierako orduetan auto lasterketa baten ondoriozko istripuaren hipotesiak indarra hartu bazuen ere, badirudi ikerketa egiten ari diren udaltzainek albo batera utzi dutela arrazoi hori. Irratian entzun nuenagatik, hitzez hitz, «inori ez zaio okurritzen Polo batekin lasterketa bat egitea». Baieztapen hori kontrara irakurrita, badirudi BMW bat duenari aitortzen zaiola berau erakutsi eta paparra puzteko eskubidea. Bada mezu sakon bat hor azpian. Eta ez dakidan arren erruduna nor den, istripuan errudunik egon bazen, profil marrazki argia utzi du asfaltoko goma arrasto eta beira xeheak.

Higa: Lurauto auto saltegiak Itziar Ituñorekin zuen kontratua eten du Sareren manifestazioa dela-eta. Bitxia da, baina badirudi BMWk jasan ahal duela Gernika bonbardatu zuten hegazkinek etxe horretako motorrak edukitzea eta, aldiz, jasanezina zaio euskal gizartearen eskakizun garrantzitsu bat babestea.

B-M-W. Modako terminotan esateko horra hari fin bat, soinu banda bat, munduan egoteko modu bat.