Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Urruti geratzen da Myanmar

Asia hegoaldeko herrialde bat, ez nolanahikoa, zirt edo zarteko kinkan murgiltzen ari da. Baina ez dago gure artean zalapartarik, ez deiadarrik. Urruti geratzen da Myanmar. Ezohiko bidaiak egiteko, badaude beste leku batzuk. Baina, beharbada, huts egiten ari gara.

Azken albisteak, joan den astekoak, dira matxinatuen Arakango Armadak Paletwa hiria hartu dutela mendebaldean, Bangladeshekiko mugatik gertu, Tatmadaw edo armada ofizialaren indarrak azpiratuz. Eta Junta Militarraren agindupeko 300 bat soldaduk Indiako Mizoram-era ihes egin dutela, arma eta guzti. Suposatzen da han armagabetu egingo zituela arestian pilatu den armada indiarrak.

Eta horrek esan nahiko luke, besteak beste, duela 10 egun Txinan, mugakide den Yunnango Kunming hiriburuan, matxinoen zati handiena bilbatzen duen Hiru Anaidien Aliantza eta Junta Militarraren artean adostu zen su-etenak porrot egin duela… edonork espero zuen bezala.

Txinaren asmoak ia beste ezerk ez zion eusten meniari, eta egun gutxiren buruan lehengoratu dira Juntako hegazkinen aire-erasoak, lurreko indarren arteko borrokak, eta milaka zibilen ihesak.

Gatazkaren zergatiak endogenoak bezain aspaldikoak dira. Baina argi eta garbi dago datorren astean hiru urte beteko dituen estatu kolpeak biziro areagotu dituela aspalditik zetozen sustrai etnikoko erresistentzia mugimendu armatuak.

Garai batean, bamar etnia gainartzailearen aurkako matxinoak zirenak, Myanmar osoko erresistentzia politiko-militarraren abangoardia bilakatu bide dira, eta iraganean ez bezalako arriskua dira Naypyidawen aginteari kosta ahala kosta eutsi nahi dion Juntarentzat.

Baina bere historiak ezarritako berezitasunez harago, Myanmarrek (eta batik bat han matxinada agertoki diren eskualde periferiko horiek) badute beste inork ez duen tasun bat: Asiako bi superpotentziekin, Txinarekin eta Indiarekin mugakideak dira, Yunnanen eta Assamen, hurrenez hurren.

Eta haiek ez dute batere gustukoa bilakaera hori. Haientzat Myanmar ez dago batere urrun.