Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Ikusezinak

Zer ezin dugun ikusi, eta zer ez genukeen, berriro, sekula, ikusi nahi; hitz berarekin izendatzen ditugu biak euskaraz. Agian, horregatik, ez dakigu begiratzeko moduaren mugek ala ikus dezakegunaren mugek zuzentzen duten gure soa alde batera edo bestera.

Lehenengoari dagokionez, eta adibidea belarrietara ekarrita, gure gustuek, zaletasunek, nahiek... aginduko lukete entzuten dugun musikaren gainean. Besteari helduta, estatuek, makrokorporazioek, industria musikalak, komunikabideek, besteek... erabakiko lukete zerena den, azkenean, gure musikazaletasunak jasoko duen bazka-dosia. Nahikoa askatasun al daukagu nahi duguna entzuteko?

Baietz erantzuteko gai bazara, zorionak, itxaropenez beteta duzu gogoa, eutsi horri; lerdoak baino ez dira inozo esaten dizutenak.

Argi ikusten baduzu ezezkoa dela erantzuna, berriz: ez egon hain kopetilun, beti egongo da zuretzat leku bat festa undergrounden batean, nahiz eta Coca Colak antolatutakoa izan.

Zaila da, edozein modutara, itxaropen apur bati eustea kontrol sozialaren urrezko garaiotan. Baina biak kontuan hartu beharko genituzke galdera honi erantzuna bilatzen saiatzerakoan: nola da posible (euskal) artisten %10ek entzuleen %90 erakartzea? Edo, beste modu batera esanda, zergatik dago hainbeste musikari ikusezin Euskal Herrian?