Jon GARMENDIA
Idazlea

Saldaka

Igande goizez Larhun ingurua autoz beteta, hego haizea urtarril bukaeran. Halakorik noiz ikusi dudan pentsaketan, ez autoen pilaketa, hau Kobid19-az geroztik paisaiaren parte baita, eta neroni ere autoan nenbilen mendi magalean, beraz, kexatzekorik gutxi eta marmarra nire buruarentzat.

Elurrak behar luke ikusgai garaiotan Pirinioen aldeotan, hartza esnatu aitzin, eta zuhaitzak daude loratzen, udaberria heldu dela sumatuko balute bezala. Dena hankaz gora, gu salbu. Ezta?

Halere, inauterietarako aitzakia ederra, eskiatzearena beste baterako utzita, iduri baitu plazer bat beste batekin ordezkatu behar dela orain, gozatu beti, abiadura bizian. Ezta?

Irati aldean, Eiheralarre eta Ezterenzubitik gora egon nahi nuke, edo Erraitzeko mendi-lepoan bestela, San Martiko Harrian, bazterrek zer erraten duten entzun asmoz. Nola bizi duten klimaren kontu hau guztia. Eta irratian «Le tableau le plus célèbre de Léonard de Vinci a été aspergé de soupe par des militantes écologistes» entzun nuen: Parisko Louvren barazki saldarekin zikindu zutela Mona Lisa Riposte alimentaire-ko bi kidek, elikadura osasuntsu eta jasangarria izateko eskubidearen alde.

Mona Lisak mezua hedatzeko bera erabiltzeaz zer pentsatuko zukeen gogoeta egin, baina laborariak Frantzian zein gaizki dauden oroitu nuen segituan, eta Euskal Herrian ere bai; beraz, protagonistak ahantzita, arazoari begiratu behar diodala ulertu eta isiltzen naiz.