EDITORIALA

Ustezko segurtasuna, eskubideen gainetik

Askotariko poliziak pistola elektrikoak erabiltzen hasi zirenetik, haien neurri hertsatzaileen gaineko kezka areagotu da. Taser pistolaren fabrikatzaileak suzko armen alternatiba «ez hilgarri» gisa sustatzen du bere produktua, betiere hainbat kasutan erabili ezean, hala nola buruko gaitza edo bihotz arazoak dituztenen aurka. Hala ere, Estatu espainoleko polizia protokolo gehienek muzin egiten diete oharpen horiei, botere publikoak ikuskatzen dituen Civio erakundeak egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez. Beraz, alternatiba «ez hilgarri» horrek eragindako kezka ez da funsgabea.

NBEko zenbait adituk arma horien gehiegizko erabilera gaitzetsi dute, eta, Amnesty Internationalen txosten baten arabera, 2001 eta 2012an gutxienez 500 pertsona hil ziren AEBetan pistola elektriko baten deskarga jaso ondoren, kasu askotan indarraren okerreko erabilera eginda. Erakunde horrek arma mota hori baliatzeko protokolo publikoak eskatu ditu, baita eramango dituzten poliziek haien erabileraren eta arriskuen inguruko prestakuntza jasotzen dutela bermatzeko ere, hala nola arrisku horiek saihesteko neurriak. Beste erakunde eta gizarte mugimendu batzuek, berriz, arma horiek desagerrarazteko eskatzen dute, horien erabileraren eta polizia basakeria areagotzearen arteko lotura dela eta. Gainera, Taser pistolak eramateari dagokionez, indarrean dauden protokoloen gardentasunik ezak ez du laguntzen haien gaineko susmoak uxatzen. Izan ere, gurpil zoro batean bezala, administrazioetako arduradunek «segurtasun arrazoiak» argudiatzen dituzte protokolo horiek ez jakinarazteko.

Ustez, polizia instituzioak herritarren zerbitzuko tresnak dira, baina maiz segurtasunarekin zerikusirik ez duten praktikak erabiltzen dituzte, herritarrak benetako arriskuan jartzen dituztenak, ustezko segurtasuna askatasunaren eta eskubideen gainetik jarrita. Segurtasunaren izenean sustatzen dira horrelako armak, ustezko segurtasun baten diskurtsoa zabalduta baitago, diskurtso arriskutsua. Arriskutsua eta faltsua, premisa faltsu batetik abiatua, askatasuna eta eskubideak asetzea baita segurtasun bermerik onena.