GARA
BILBO
BIGARREN MAILA

Denboraldia luze egiten ari zaio Amorebietari

Denboraldia zeharo luze egiten ari zaio Amorebietari. Beti esaten da Bigarren Maila aski gogorra eta luze egiten dela, eta beheko zuloan baldin bazaude, are gehiago. Horixe gertatzen ari zaio, hain zuzen ere, Zornotzako taldeari. Azken postuan iltzatuta dago, haizerik ezin hartuta, zuloan, burumakur. Berritasunek ere ez dute suspertu eta, horrela, geratzen diren hilabeteak astunak egingo zaizkie Jandroren gizonei.

Duela zazpi jardunaldi Mujika ordezkatu zuen Jandrok, teknikari gipuzkoarrak hogei partidatan lau garaipen soilik erdietsi zituelako. Entrenatzaile berriarekin ez dira zenbakiak hobetu: bi berdinketa zazpi partidatan. Eta are gehiago hondoratu da jaitsiera postuetan. Bederatzi puntura du salbazioa, eta are kezkagarriago, bere gainetik dagoen Andorra bera ere jauzi handira dago, zortzi puntura, alegia.

Nahi eta ezinean murgilduta dabil etxean zein kanpoan. Lezaman ere arrotz sentitzen denez, aurkariek ongi baliatzen dute deserosotasun hori. Atzo, Santanderko Racingek, garaipen baliotsua batu zuen, berriz ere igoera postuetako borrokara lotzeko. Ordu laurdena pasatuta, jada markagailua alde jarri zuen falta jaurtiketaz.

Amorebietak toki arriskutsuan baloia galdu eta Etxeitak falta egin behar izan zuen, bere taldeak berriro lekua hartzeko. 25 metroko distantziatik, baina, sekulako zartakoa jo zuen Dani Fernandezek, giza harresia gainditu eta Pablo Campos atezaina ezustean hartuta.

Amorebietari esnatzea kostatu zitzaion. Ordu erdia igarota, nolabaiteko arriskuz gerturatu zen arerioaren atera. Jauregi eta Eraso area barnealdean jausi eta kexati agertu ziren urdinak, baina epaileak ez zuen ezer adierazi.

Azken metroetan fintasuna falta izan zitzaion talde bizkaitarrari. Ez zuen asmatu ez azken pasean ez eta erremate bakanetan ere. Eraso protagonista izan zen bigarren zatia hasi eta berehala, baina laster hartu zuen kontrola Kantabriako taldeak. Azken txanpan jokoa apur bat ireki egin zen eta bi taldeek eduki zuten aukera bana: Raycok ez zuen asmatu etxekoentzat, eta Mboulak Pablo Camposekin topo egin zuen.