Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
PILOTA

Martija agintzen, Zabala jotzen eta Altuna III.ena pozik harmailetan

Martija eta Zabalak garaipen handia eskuratu zuten Jaka eta Eskirozen aurka. Aurrelari errioxarrak berme handiz ordezkatu zuen Altuna III.ena. Baikoko atzelariari kostatu egin zitzaion atzeko koadroetan eta urdinen nagusitasuna onartu behar izan zuen.

Javi Zabala oso ongi moldatu zen, hanka arinekin eta errematean oldarkor.
Javi Zabala oso ongi moldatu zen, hanka arinekin eta errematean oldarkor. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Anaia nagusiak gazteenari begiratzen dion harrotasun puntu horrekin zirudien Altuna III.ak, Javi Zabalaren pilotakadei so. Amezketako aurrelariak ez zuen bere burua sasoiko ikusten ligaxkako 12. partida jokatzeko eta atseden hartzeko hautua egin zuen; Atano III.ena pilotalekuan ikusi zuenarekin, hurrengo partidan ere deskantsu hartu behar badu, badauka lasai egoterik. Zabalak sekulako partida osatu zuen, Julen Martija agintari zuela. «Erikek [Jaka] eta Iosuk [Eskiroz] bikote oso ona osatzen dute, baina Julen azkenengo partida askotan ondo ikusi dut. Javi gorakada handian dago, egundoko mina egiten du, erritmoa asko azkartzen du. Pilotari deserosoa da aurkariarentzat», esan zuen Amezketakoak partida erdian, markagailua 4-14 zegoelarik.

Erik Jaka eta Iosu Eskiroz -Jon Mariezkurrena ordezkatzen bigarren astez jarraian- dantzan ibili zituzten urdinek. Gorriek ez zuten bere lekua aurkitu: Jakak errematatzeko aukera gutxi eta Eskiroz atzean oso estu, Martijaren pilotakaden preso. Urrats handia egin du Etxeberriko pilotariak txapelketa honetan, konfiantzaz lepo, aginte makila hartzeko ere prest.

Atzo jendez lepo zegoen Atano III.enean, aukera aprobetxatzeko ilusioz zegoen Zabalak ederki lagundu zion. Oldarkor aritu zen errioxarra, hasi eta buka, defentsatik erasora ziztu bizian igarota. Oin azkarrak ditu eta joko gogorra. 13 egindakorekin bukatu zuen partida, eta bi pilota soilik galduta. «Espero baino hobeto joan da, pilotalekuko harmailak topera daudela», adierazi zuen. Hasierako abantailak gerora lasaiago jokatzeko aukera eman ziela ere onartu zuen.

Hain zuzen ere, urdinek tartea ireki zuten hasieratik, Zabalaren sake indartsuak gorriak ezustean harrapatu zituela (1-4). Tartekatu zituzten pare bat tanto -Jakaren inspirazioak funtzionatu zuenean eta Martija errebotean sartu zutenean, esaterako (4-7)-, baina Zabala-Martija bikoteak kontrola hartu zuen segituan. Hamar tanto jarraian eginda (4-17), partida oso bideratuta utzi zuten urdinek.

Gorriek itxuratu zuten markagailua, merezi baino gehiago; 7-21ekoarekin, Jakaren pilotak txapa ere jo zuelako, baina epaileek ez zuten hala ikusi. Azkenean, hamar tantora iritsi zen sailkapenean lehenengo tokian dagoen bikotea, ordurako urdinen garaipena zalantzan jartzea oso ariketa zaila baitzen.

Seigarren garaipena da Altuna-Martijarentzat, eta honekin laugarren postura igo dira, bosnako berdinketa hirukoitza apurtuta. Urrats handia egin dute. Martijak ere onartu zuen geratzen diren bi partidetan helburuak izan behar duela sailkapenean ahalik goren bukatzea, horrek aukera bikoitza ematen baitu.

Jaka eta Mariezkurrenak, aldiz, gertu ikusten dituzte finalerdiak, baina oraindik guztiz ziurtatzeko azken urratsa egitea falta zaie.