Ines CASTIELLA IMAZ eta Josu JIMENEZ MAIA
Nafar Ateneoko kideak
KOLABORAZIOA

Nafar Ateneoko bidegile euskaldunak

Nafar Ateneoa da Nafarroa Garaian -eta elkarte pribatuen artean- kultur ekitaldi gehien antolatzen duen erakundea. Urteak jin, urteak joan, kantitatea ez ezik kalitatea ere balioetsi behar da eta, orobat, azpimarratu behar da hori ezinezkoa zatekeela Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren dirulaguntza gabe, jakina. Euskararen presentziak gora egin duen arren, betiere badago zer hobetua. Kasurako, Nafar Ateneoaren estatutuak erdaraz hutsez banatu zaizkio azken urteotan eskatu dituenari. Ohi den bezala, berehalakotasunak aginduta, estatutuak euskaratzeko lana atzeratu den zeregin bat izan da, urgenteak gaina hartu diolako garrantzitsuari, orain arte.

Orain, Nafar Ateneoaren estatutuak egokitu eta gaurkotu behar izan dira inklusibitatearen aldetik bazutelako zer hobeturik, indarrean dauden estatutuak 1985ean idatzi baitziren. Prozesu horretan, hara non jakin izan genuen, gure ustekaberako, euskaraz ere bazeudela estatutuak, lehenagotik euskaraz eginak, iragan den mendeko garai -jadanik- urrunetan, artean Euskaltzaindiaren arau asko eta asko finkatu gabe zeudelarik.

Garai hartan, Nafar Ateneoko bi kide adoretsuk euskaratzeko lan eskerga hartu zuten euren gain, Jose Maria Satrustegik eta Jose Maria Jimeno Juriok. Itzal handiko bi erreferentzia horiek soilik azaletik ezagutzeko aukera izan bagenuen ere, hara non, hainbeste urte iraganda, beraiek ereindakoak fruituak ematen jarraitzen duen. Satrustegik eta Jimeno Juriok Nafar Ateneoaren estatutuak euskaraz jarri zituzten bidegileak izan ziren. Bataren zein bestearen lan eta merituen zerrenda luzeari hori ere erantsi behar zaio, zinez erraza izan baita euskara dotore eta jaso hori egokitzea eta eguneratzea XXI. mendeko euskarara, berrogei urte iraganda ere. Jadanik Nafar Ateneoaren estatutuak ele biz eta egokituta daude; inori lorpen txikia irudi dakioke; haatik, ez da makala izan.

Horixe dute bidegile handiek: euskaltzale saiatu horiek ildo zuzenean ereindako haziak zuhaitz bihurtu direla, urteak iraganda, eta adar sendo eta oparoak biderkatzen direlarik, haien lanaren fruituak non-nahi eta noiznahi loratzen direla: Nafar Ateneoaren estatutuak, ele biz eta eguneratuta, eskuragarri.