S. RODRIGUEZ - A. AGUIRRE

Baionak aho batez onartu du euskara biziberritzeko bere plan berria

Baionak badu euskara plana. 2020tik halakorik ez zen Lapurdiko hiriburuan. Bidea ez du erraza izan, baina arribatu da. Hilabeteetako lanketaren ondotik, gibelatzeak eta hainbat gorabehera tarteko, azkenean, herriko kontseilua osatzen duten kideek argi berdea eman diote dokumentu berri bati.

Aho batez onartu zuen Herriko Kontseiluak 2024-2030 urteetarako euskara biziberritzeko gida-eskema, “Schema Directeur Politique Linguistique en faveur de la langue basque”, otsailaren 8an.

Lehen euskara planaren indarraldia 2020an bukaturik, covid-19ak eragindako osasun pandemiaren ondorioz ez da 2024ra arte berririk izan. Iragan urtean saiakerak eginik ere, adostasunik ez zen izan. 2023 bukaerako proposamenak ukan du aldekotasuna, herriko kontseiluan bederen, oposizioko hautetsiak ase baititu hein batean.

Hiru ardatz nagusi ditu. Lehen orientazioa belaunaldi gazteen artean euskara transmititzea eta biziaraztea da. Bigarrena, euskara biziaraztea eta partekatzea Baionako hirian eta bere auzoetan. Hirugarren orientazioa da euskararen presentzia eta erabilera azkartzea herritarrentzako zerbitzuetan.

Atal nagusi bakoitzaren aurrekontu-estimazio bat ere badu: lehen biei 200.000na euro esleitu zaizkie eta hirugarrenari, 100.000; orotara, beraz, milioi erdi euro.

Bidean sortu diren desadostasunen gainetik, euskalgintzak «begi onez» ikusi du, «anbizio aski ona» duela azpimarratuz. Oposizioak positiboki baloratu du plana bera egin izana. Aurrekontuari buruz plazaratu ditu ezadostasunak.