Iñaki IRIONDO
GASTEIZ
HAUTESKUNDE AURREKO INKESTA

Lehendakaritzaren inkestak EAJ eta EH Bilduren berdinketa iragarri du

Lehendakaritzaren inkesta berriaren arabera, EAJk eta EH Bilduk 27na eserleku lortuko lituzkete oraindik datarik ez duten hauteskundeetan. Aurreko galdeketan, azaroan eginikoan, jeltzaleen garaipena aurreikusten zuen Lakuaren soziometroak, horiei 29 eserleku iragarriz eta 25 ezker independentistari. Joera gero eta garbiagoa da: EH Bildu gora doa, EAJ behera.

2020ko hauteskundeen eguneko argazkia; aurten, bozen aurreko giroa nabaria da jada, baina data jartzea falta da.
2020ko hauteskundeen eguneko argazkia; aurten, bozen aurreko giroa nabaria da jada, baina data jartzea falta da. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Orain arte beste etxe batzuen inkestek aurkeztu duten joera agertzen dute Lehendakaritzaren galdeketa berriaren emaitzek ere: EAJk botoak galduko lituzke eta EH Bilduk irabazi. Emaitza berdinketa izango litzateke; 27na eserleku lortuko lituzkete jeltzaleek eta ezker independentistak, atzo plazaratutako inkestaren arabera. Joera hori areagotu egingo dela aurreikusten da; izan ere, Lakuak azaroan aurkeztu zuen Soziometroaren emaitzek 29 aulki iragartzen zituzten Imanol Pradales zerrendaburu duen taldearentzat eta 25 EH Bildurentzat. Gaur egun, Gasteizko Parlamentuan 31 aulki ditu EAJk eta 21, koalizio subiranistak.

Galdeketa berriak dioenez, PSEk 11 eserleku izango lituzke, eta PPk gaur egun dituen 6 aulkiei eutsiko lieke. Sumar taldeak 2 ordezkari izango dituela aurreikusten du, bat Gipuzkoan lortuko luke eta bestea Araban, eta Elkarrekin Podemosi, aldiz, Bizkaiak emango lioke Gasteizko Legebiltzarrean izango lukeen eserleku bakarra. Lehendakaritzaren galdetegiak, gainera, Voxek ordezkari bat lortuko duela aurreikusten du, Arabatik.

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen boto-aurreikuspena jasotzen duen inkesta urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra bitartean egin zen. 18 urtetik gorako 3.030 pertsonari galdetu zieten, telefonoz -730 pertsonari Araban, 1.315i Bizkaian eta 985i Gipuzkoan-. Emaitzen arabera, datozen hauteskunde autonomikoetan %61eko parte hartzea izango litzateke. 2020an, hauteskundeak uztailean eta pandemia betean egin zirenean, %50,8koa izan zen parte hartzea.

EH BILDUK ARABAN ETA GIPUZKOAN IRABAZIKO LUKE

Lehendakaritzaren inkestak jasotzen du Pello Otxandiano zerrendaburu duen koalizio abertzaleak Araban eta Gipuzkoan irabaziko duela. Araban botoen %29,7 jasoko lituzke, eta zortzi eserleku. EAJ izango litzateke bigarren indarra, botoen %25,4rekin eta 7 ordezkarirekin. Egoera honek azaroko zundaketan iragarritakoa iraultzen du, ordukoak kontrako emaitzak agertu baitzituen.

2020ko hauteskundeetan 9 eserlekurekin irabazi zuen EAJk Araban, eta bigarren geratu zen EH Bildu, jeltzaleengandik nahiko urruti, 6 legebiltzarkiderekin.

Lurralde berarekin jarraituta, hirugarren lekuan PSE kokatuko litzateke 5 eserlekurekin eta bana erdietsiko lukete Sumarrek eta Voxek. Azaroko inkestaren emaitzak aldatzen ditu atzo aurkeztutakoak, Santiago Abascalen talde ultrari iragartzen baitio PPk galduko lukeen eserlekua.

Gipuzkoan, Lakuaren azterketa berriak azaroan aurkeztutako emaitza berak jaso ditu: 11 aulki EH Bildurentzat, 9 EAJrentzat, 3 PSErentzat, 1 PPrentzat eta beste bat Sumarrentzat. 2020ko hauteskundeak 10 ordezkarirekin irabazi zituzten jeltzaleek, eta gertu geratu zen EH Bildu, 9rekin.

GERTUAGO BIZKAIAN

Atzo ezagutarazitako inkestak jasotzen du Bizkaian EAJ izango dela boto gehien bilduko dituen indarra, paperen %38,6rekin eta 11 ordezkarirekin. EH Bildu izango omen du atzetik, botoen %29rekin eta 8 legebiltzarkiderekin.

Azaroko galdetegiak EAJ eta EH Bilduren artean aurreikusi zuen distantzia txikituko litzatekeela adierazten dute emaitza berriek. Azaroan, EAJk boto-paperen %42,1 bilduko lukeela atera zen (orain baino %3,5 gehiago) 12 ordezkarirekin; EH Bilduk, berriz, botoen %25,6 jasoko lituzkeela (orain baino %3,4 gutxiago), eta 7 eserleku lortu.

Komeni da gogora ekartzea, halaber, 2020ko hauteskundeetan botoen %42,57 eta 12 legebiltzarkide lortu zituela EAJk, eta ezker independentistak botoen %23,93 eta 6 aulki.

Atzetik, 3 ordezkari erdietsiko lituzke PSEk, 2 PPk eta 1 Elkarrekin Podemosek, erkidego osoan izango lukeen bakarra.

Aipatu behar da aurreko zundaketak guztira 3 aulki aurreikusten zituela ezker konfederalarentzat taldean aurkeztuko balitz. Egungo emaitza berdina da, baina banatuta, 2 legebiltzarkide Sumarrentzat eta bat Elkarrekin Podemosentzat. Kontua da hiru aulki horiek kili-kolo daudela: botoen %3,5 eta %3,8 artean baino ez bailukete jasoko, ordezkaritzarik gabe geratzeko mugan.

DENA PREST, DATA FALTA

Hauteskunde aurreko giroa nabaria da, hasi dira inkestak argitaratzen, talde politikoek ere martxan dute bozen aurreko makineria... eta data falta da.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari dagokio hauteskunde eguna zehaztea, baina oraindik ez du datarik iragarri. Legegintzaldia ez dela azken egunera arte bukatzen eta Legebiltzarra desegin aurretik Lakuako Gobernuak bere konpromisoak bete behar dituela esanez justifikatu zuen Urkulluk zehaztapen falta. Apirilaren 21a da, oraingoz, aukera probableena.