J.O.
BIZKAIA PILOTALEKUA

Peña eta Albisuk lehen muga gainditu dute

Peio Etxeberriak ez zuen egun ona izan.
Peio Etxeberriak ez zuen egun ona izan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Labriten gertatu bezala, Bilbon ere beharrik handiena zuen bikoteak eraman zuen puntua eta Peña-Albisuk play-offean egoteko beharrezkoa zutena eskuratu zuten Peio Etxeberria eta Zabaletaren ordezko Xabi Erostarberen aurka 22-10 irabazita. Atzoko bi bikote galtzaileek euren partidak hasterako bazekiten benetako garrantzia elkarren aurka larunbatean Iruñean jokatu beharreko partidak duela eta, era batean edo bestean, premiarik ez hori nabaritu zen.

Azkenaldian bigarren mailako partidetan izan duen hobekuntzaren ostean, lehen mailakoetan bere burua aztertzeko gogoa zuen Xabi Erostarbek, onenen artean zein maila eman dezakeen probatu eta jauzia handia dela ikasi zuen Albisuren aurka lehen aldiz jokatuta. Ataundarra maila onean ari da azkenaldian, atzo apenas egin zuen akatsik eta, hori aski ez, eta Bizkaia pilotalekuan erabilitako pilotaren batek ere ikaragarrizko botea hartu zuen eta gauzak are zailago jarri zizkion kokatu ezinik aritu zen urretxuarrari.

HASI ETA BUKA

Hirunako berdinketaraino hainbestean eutsi zioten partidari Peio Etxeberriak eta Erostarbek, baina hor jo zuten lehen kolpea Baikokoek bost tanto segidan lortuta eta hortik aurrera erraz kudeatu eta handitu zuten hartutako alde hori gipuzkoarrek. Azken asteetako gorabeheren ostean, Jon Ander Peña atzo pazientziaz aritu zen, aukerako pilotak izango zituela ikusi zuen, itxoiten jakin izan zien eta oso partida serioa jokatu zuen, bi pilota soilik galdu zituelarik.

Parean, Peio Etxeberriak, bestetik, apenas izan zuen jokoan sartzeko aukerarik eta ez zuen bere bikoteak aukerak izateko behar zuen protagonismorik izaten asmatu. Atzo ez zuen Zabaleta atzean eta aukera ona izan zitekeen, baina kaiolakoaren ostean, ultzamarra ez dago bere joko punturik onenean.