GARA
GASTEIZ

Iñaki Lopez de Bergara, euskal preso ohia eta Legutioko jarduneko alkatea izan zena, 61 urte zituela hil da

Lopez de Bergara, bigarrena ezkerretik hasita.
Lopez de Bergara, bigarrena ezkerretik hasita. (EH BILDU LEGUTIO)

Iñaki Lopez de Bergara, preso ohia eta Legutioko alkatea izandakoa, hil zen astelehenean 61 urterekin. Bere herriko Udalean lanean aritu zen kartzelatik irten ondoren.

EH Bilduko zinegotzia izan zen Lopez de Bergara, eta jarduneko alkatea bilakatu zen bi alditan. Batetik 2019an, Legutioko Udalbatzak Jon Zuazo subiranista izendatu zuen arte, eta hiru urte geroago, 2022an, Juan Cruzek makila hartu aurretik.

Aurretik, Lopez de Bergara 1993an atxilotu zuten Estatu frantsesean eta sei urte igaro zituen kartzelan. Ondoren, 1999an epaitua izan zen Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta libre geratu zen, «in dubio pro reo» irizpidea aplikaturik.

Baina bost urte geroago, 2004. urtean atxilotu zuten berriro Estatu frantsesean, Limoges hirian. Hamabi urte kartzelan pasatu zituen aurrerantzean. 2016ko uztailaren 28an aske geratu zen. Egun horretan irten zen Marseilla eta Montpellier artean dagoen Arles espetxetik, eta Euskal Herrira libre itzultzeko modua izan zuen.

Jarduneko alkate bilakatu zenean, Estatu espainoleko zenbait hedabidek haren aurka jo zuten, ETAko kidea izana zela nabarmenduz. PPk eta Covitek ere Lopez de Bergararen izendapena kritikatu zuten, eta EH Bilduren kontra aritzeko erabili zuten.

AZKEN AGURRA

Iñaki Lopez de Bergararen familia Albia Gasteiz ehorztetxean izango da gaur, goizeko 10.00etatik 13.00ak arte, eta arratsaldeko 17.00etatik 20.00ak arte.

Ordu horretan hasiko da azken agurra, Arabako hiriburuko Gamarra Plazan dagoen ehorztetxean. Bertan izango dira senide eta lagunak. Ondoren errausketa egingo da.