AMAIA EREÑAGA
BILBO

Jose Mari Esparza idazle, editore eta erreferenteari Monzon-Ganuza saria

Olaso Dorrea Fundazioaren eta Telesforo Monzonen sorterriko Udalaren “Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei saria” Jose Mari Esparza (Tafalla, 1951) idazle eta editoreak jasoko du martxoaren 7an Bergaran. «Esparza moduko erreferenteak behar ditugu, iparra ondo zehazteko», aipatu zuen Gorka Artola alkateak atzo. Sari honekin metalgintzatik sortutako kulturgile kementsu honen bizitza osoko lanari aitortza egin nahi zaio.

Gorka Artola alkatea eta Iratxe Esnaola, Olaso Dorrea Fundazioko presidentea.
Gorka Artola alkatea eta Iratxe Esnaola, Olaso Dorrea Fundazioko presidentea. (Endika PORTILLO | FOKU)

Azken Durangoko Azokaren lehen egunean topo egin genuen, hainbat urteetan ohitura bihurtu den legez, Jose Mari Esparza editorearekin Landakoko erakusmahaien arteko korridoreetan. Txapela dotorez jantzita, eskuartean zuen azken proiektua ikustera eraman gintuen airean: “Imago Vasconiae” zen, Euskal Herriko lehen atlas historikoa. Proiektu ausarta, anbizioduna, gizon honen biografian aurkitu daitezkeen beste proiektu gogoangarrien tamainakoa.

Atlasa berezia da beste zentzu batean ere, ibilbide pertsonal bati amaiera bikaina emateko tamainakoa delako. Txalaparta sortu aurretik Tafallako Luzuriagako lantegian Jose Mari Esparzak eman zituen 20 urteek ondorioak izan dituztelako: amiantoaren eraginez pleurako minbizia diagnostikatu diote berriki. Esparza gaixotasunaren aurka borrokan aritu da, borroka hitza baita bere senaren eta ibilbidearen ikurra.

BALOREAK, IBILBIDEA

Olaso Dorrea Fundazioko presidentea den Iratxe Esnaola Arribillagak atzo Bergaran prentsaurrekoan aipatu zuen legez, tafallarra Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuzaren ereduekin bat datorrela esan daiteke: «Sari hauekin Euskal Herriari, bere historiari, bere hizkuntzari eta kulturari bere bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi ditugu -aipatu zuen-. Eta zentzu horretan kontuan hartzen ditugu Telesforo Monzonen eta Maria Josefa Ganuzaren baloreak, herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emandako lehentasunak, Nafarroak euskal historian izan duen garrantzia eta batasunaren balioa».

Laugarren edizioan, beraz, Olaso Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen duten “Monzon-Ganuza; Euskal Utopikoei Saria” martxoaren 7an jasoko du Esparzak Bergarako Seminarixoan, 18.30etik aurrera egingo den ekitaldi publikoan. Bergarako alkate Gorka Artolaren hitzetan, «belaunaldi berriok ez dugu ahaztu behar Jose Mari eta besteei esker jaso dugun oinordetza. Bizitza guztian Euskal Herriaren alde lan egindakoa da esparru ezberdinetan. Haren lanek euskal gizartea, hizkuntza, eta kultura ikuspegi berri batetik argitzen dute, eta gure ardura da lekuko hori jasotzea. Urrunetik gatoz eta urrunera goaz, eta bide horretan Jose Mari Esparza moduko erreferentziak behar ditugu, iparra ondo zehazteko. Batzuetan Gipuzkoatik hain urrun ikusten dugun Nafarroa hegoaldeak erakusten digu Euskal Herriak baduela etorkizuna, baina ez dela erraza izango», gehitu zuen.

Monzon hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan sortu ziren sari hauek 2021ean. Lehenengoa Libe Goñi Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Iazkoa, berriz, Xabier Amuriza bertsolariak jaso zuen.